argia.eus
INPRIMATU
Guardia Zibilen Madrilgo burua kargugabetu du Grande-Marlaskak
  • Diego Pérez de los Cobos Espainiako Guardia Zibilen buruaren kargugabetzea, M8-ko manifestazioen inguruko txosten batekin izan dezake lotura, hainbat hedabideren arabera. "Konfidantza falta" argudiatu du Fernando Grande-Marlaska Segurtasun ministroak.

2020ko maiatzaren 25
(Arg.: Flickr / Cristina Cifuentes)

2017ko urriaren 1ean Guardia Zibilak Katalunian egindako erasoaldiaren arduradun nagusietako bat, Pérez de los Covos koronela, kargutik kendu du Espainiako Gobernuak, esku artean zerabilen txosten baten harira, Ser Irrati kateak aurreratu duenez. Txostena aurtengo martxoaren 8ko manifestazio feministen ingurukoa da eta auzitan jartzen du Madrilgo Espainiako Gobernuko ordezkariaren jarduna. Horrez gain, Fernando Simon Osasun Larrialietako Koordinatzailearen kontra ere "akusazio larriak" egiten ditu, El País-ek argitaratu duenez, "delituak eta guzti".

Txostena Madrilgo instrukzio-auzitegiko Carmen Rodriguez Medeli igorri dio Guardia Zibilak, honen eskariz, Espainiako ordezkariak M-8ko manifestazioen harira prebarikatu ote zuen ikertzen ari baita epailea. Txostenaren arabera, Simonek ere delitua egin zuen, beste ekitaldi batzuk ez bezala, M-8aren manifestazioak egitea ez zuelako galarazi.

Espainiako Gobernuak "konfidantza falta" argudiatu du Guardia Zibilaren burua kargugabetzeko. Bere esanetan txostena balorazio "subjektiboz" josita dago eta bere arduradun nagusitzat Madrilgo Komandantziako burua jo du.