argia.eus
INPRIMATU
Guardia Zibilen Batasunak salaketa jarri du Altsasuko Ospa Egunaren kontra
  • Guardia zibilen elkarteak “terrorismoa goratzea” leporatzen die antolatzaileei, eta deialdia debekatzea eskatu. Aste berean, Ospa mugimenduko bi kidek isunak jaso dituzte, iazko Ospa Egunarekin loturan zabalik dagoen ikerketa bat salatzeagatik.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 23a
Ospa Egunaren aurreko edizio baten aurkezpena (Argazkia: Altsasuko Gazte Asanblada)

Espainiako Auzitegi Nazionalean jarri du salaketa Guardia Zibilen Batasunak, abuztuaren 29an “Zuek zarete birusa” lelopean Altsasun egitekoa den Ospa Egunaren antolatzaileen kontra. Antolakuntzan ari diren herritarrei “terrorismoa goratzea” leporatzen die guardia zibilen elkarteak, eta Espainiako segurtasun indarrak Euskal Herritik joan daitezen aldarrikatzeko eguna bertan behera uzteko eskatu du.

Aste berean, Ospa Egunarekin loturan, salaketa ez ezik isunak ere jaso dituzte antolatzaileek. Urte hasieran mugimenduko kideek jakinarazi zuten iazko Ospa Egunaren harira martxan zegoela Ospa mugimenduaren aurkako ikerketa bat, Iruñeko Auzitegi Probintzialaren esku zegoena, “gorroto delitu” bat egon zitekeelakoan. Ikerketa hori salatzeagatik isunak jaso dituzte bi kidek.

Sarri jazarritako deialdia

Ez da Ospa Egunaren aurka egiten duten lehen aldia. 2016an Ospa Egunean parte hartzen ari zirenen aurka oldartu zen Guardia Zibila, eta iaz JUCIL guardia zibilen elkarteak deialdia debekatzeko eskatu zion Espainiako Fiskaltzari; azken honek Auzitegi Nazionaleko 2. Instrukzio Epaitegiko epaileari eskatu zion Ospa Eguna debeka dezala, nahiz eta azkenean debekurik gauzatu ez.