argia.eus
INPRIMATU
Guardia Zibilek ukatu egin dute Compains torturatu izana
  • Lau Guardia Zibileko agentek ukatu egin dute Eneko Compains torturatu zutenik. Asteazken honetan deklaratu dute Nafarroako Auzitegian, 2010eko polizia operazioaren ostean Compainsek salatutako tratu txarrengatik.

ARGIA @argia 2018ko maiatzaren 02a
Eneko Compains auzitegi atarian (argazkia: Saioa Alkaiza).

Duela zortzi urte atxilotu eta inkomunikatu zuten Compains, Ekinen aurkako polizia-operazio batean. Atxilotuta egon zen bitartean torturatu egin zutela salatu zuen Compainsek eta asteazken honetan deklaratu dute horregatik lau Guardia Zibileko agentek.

Naiz-ek argitaratu duenez, epailearen aurrean testigantza eman duten lau guardia zibilek ukatu egin dituzte tratu txarrak, kolpeak eta mehatxuak, baita poltsa baten bidez atxilotuta zegoen Compains itotzeko ekintzak ere.

Gainera, Guardia Zibilek esan dute ETAren estrategia dela “salaketa faltsuak” jartzea. Lau agenteek ez diote erantzun Compainsen abokatuaren galderei.

Hasiera batean, salaketa artxibatzeko agindu zuen Nafarroako Auzitegiak, baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen erabaki hori. Konstituzionalaren arabera, Compains indefentsio egoeran utzi zuen Nafarroako epaitegiak eta, ibilbide judizial horren ostean irisi da gaurko saioa.

Epaitegira sartu aurretik, elkarretaratzea egin dute atarian. Pankarta batek “Tortura, itzaletik argira” lema erakutsi du eta Compainsek berak prentsarekin hitz egin du. Azaldu duenez, ETAren zikloa amaitzear dago eta indar politiko guztiak ari dira ezker abertzaleari ardurak hartzeko eskatzen. Baina, Compainsen esanetan, “hemen indarkeria anitz izan da” eta nabarmendu du PPk eta PSOEk tortura kasuekin duten ardura.

Tortura “independentismoaren aurka” erabilitako indarkeria izan dela adierazi du eta EAJk ere baduela, “maila txikiagoan” ardurarik, Ertzaintzak torturatutako jendearengatik.

Eusko Jaurlaritzak torturaren inguruan egindako txostena ere aipatu du eta alderdiei eskatu die lan egin dezaten dokumentu horrekin, torturatuek “aitortza publikoa” izan dezaten.