argia.eus
INPRIMATU
Gezurrak, iruzurrak eta manipulazioak Guardia Zibilak M8ko manifestazioaz idatzitako txostenean
  • Guardia Zibilak informazio faltsuak eta adierazpen manipulatuak sartu zituen M8ko manifestazioari buruzko txostenean, Espainiako Gobernuari pandemiaren hedapenaren errua leporatzeko, manifestazioa baimendu izanagatik. Txosten horrek ekarri du Moncloak Madrilgo erkidegoan duen ordezkaria, Jose Manuel Franco, inputatzea; baita eskuineko sektoreek Sanchezen exekutiboari leporatzen dioten arbitrariotasunaren ideiak indarra hartzea ere, manifestazio batzuk baimendu eta beste batzuk debekatu zituelako.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko maiatzaren 27a
Guardia Zibilaren zuzendaria, María Gámez, Espainiako barne ministroa, Fernando Grande-Marlaska eta Guardia Zibileko operazioen zuzendaria, Laurentino Ceña. Argazkia: La Vanguardia.

83 orrialdeko txostena helarazi die Guardia Zibilak epaitegiei. Bertan adierazten du martxoaren 5etik aurrera manifestazio guztiak debekatzea zela egokiena, eta Espainiako Gobernuak jakin bazekiela manifestazio horiek sor zezaketen “arriskua”.

Hala ere, informazio huts handiak egotea, jada gezurtatuta zegoen informazioa sartzea, edota galdekatutako lekukoen bertsioak manipulatu izana leporatzen diote Guardia Zibilari. Adibidez, OMEk pandemia urtarrilaren 30ean deklaratu zuela adierazten du, eta Gobernuak bere arriskua aurrez ezagutzen zuela. Baina handik hilabete eta erdira deklaratu zuen pandemia Osasunaren Mundu Erakundeak.

Arbitrariotasuna ere leporatu diete Fernando Simon Espainiako Osasun Larrialdien Koordinazio Zentroko zuzendariari eta Salvador Illa Osasun ministroari, manifestazioak debekatu ez, baina Madrilen ospatzekoa zen kongresu ebangelista bat debekatzeagatik. Simonek argitu zuen kongresu hori bereziki arriskutsua zela, 120 herrialdetako jendea joango zelako Espainiako hiriburura.

Gobernuko partaideak M8ko manifestazioan eskularru moreekin egotea ere kritikatzen du Guardia Zibilak, arriskuaren jakitun zirela argudiatuz. Ez du azaltzen, ordea, manifestaziora eskularru moreak jantzita joateko deia egin zutela antolatzaileek.

CGT sindikatuak martxoaren 10erako deituta zuen manifestazioa ere COVID-19agatik bertan behera geratu zela dio txostenak. Sindikatuko Bankuen saileko Madrileko bozeramaleak Guardia Zibilari emandako bertsioa bestelakoa da, ordea: hilabete amaieran egingo ziren kaleratze baten harira deitutako manifestazioa zen, eta kaleratzearen dataren bueltan deitzea egokiago ikusi zuten.