argia.eus
INPRIMATU
Etxarrin herritarrek izandako jarrera txalotu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak
  • Ehunka lagun elkartu ziren joan den larunbatean Etxarri Aranatzen Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak deituta gaixo dauden presoak aska ditzatela eskatzeko. Guardia Zibilak agente asko bidali zituen herrira, Carmen Alba Espaniako Gobernuko ordezkariak manifestazioa debekatu ostean.

ARGIA @argia 2016ko irailaren 05
Ke potoak erabili zituen Guardia Zibilak Etxarrin, euskal preso politikoen aldeko manifestazioan.

Debekuari errekurtsoa jarri zioten deitzaileek eta erantzun ofizialik jaso ez zutenez, mobilizazioa egitea erabaki zuten. Oinez hasi eta berehala, Guardia Zibila manifestarien kontra oldartu da ke-potoak jaurtiz. Ahotsa.info-k jasotako irudiotan ikus daiteke nola jardun zuten.

Gertakarien ondoren, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu du isilarazi egin nahi izan dituztela. Nolanahi, mugimenduak txalotu egin du herritarrek izandako jarrera, “zailtasun eta inposizio guztien gainetik askatasunerako bidea egiten jarraitzeko prest” agertu zirelako. “Ez dezagun ahaztu beste garai batzuetan herri honek kartzeletatik atera dituela hainbat kide gaixo borroka eta mobilizazio sozialaren bitartez”.

Bi gose greba martxan

Ohar berean informatzen denez, 20 eguneko gose grebaren ondoren Joxean Kortadi preso ohiak bukatutzat eman zuela bere baraualdia. “Gorputzak nahikoa dela esan dio, eta guk esan nahi diogu nahikoa eta soberan izan dela herri hau berriro martxan jartzen laguntzeko”.

Fernando Lizeagak, duela hiru astetik gose greban den beste preso ohiak, jarraitzeko asmoa duela azaldu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Era berean, gogora ekarri dute Huelvako espetxean txandaka egiten ari diren gose grebaren baitan, Patxi Ruizek laugarren eguna bete zuela igandean. Bestalde, Valenceko espetxean dauden Aletxu Zobaranek eta Ibon Goieaskoetxeak 28 egun bete zituzten atzo komunikazio-greban.

Eleak-Libre mugimenduak ere larunbatean gertatutakoa salatu du eta manifestazioaren debekua adierazpen askatasunaren aurkako eraso gisa definitu. Etxarri-Aranatzen Guardia Zibillak egin duen interbentzioak eskubide zibil eta politikoak urratzen dituela adierazi dute ohar baten bitartez.

Manifestazioa datorren igandean Donostian

Sortuk ohar baten bidez Guardia Zibilaren karga salatu du "aldarrikapen zilegi baten aurka erabilitako bortizkeria" dela nabarmenduz. Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren estrategiarekin bat egiten ez duen arren, alderdi abertzaleak Espainiako indar polizialen "errepresioa" kritikatu du.

Igandeak utzi du euskal preso politikoekin lotutako beste albisterik ere. Hamarnaka preso eta errefuxiatu ohik deituta, euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa egingo da Donostian datorren igandean, hilak 11. Bulebarretik abiatuko da martxa 13:30ean.

Presoak kalera ateratzeko prozesu adostu bat martxan jartzearen alde egin dute manifestazio honen deitzaileek, “Espainiak eta Frantziak euskal presoak gatibu dituzten bitartean” normalizazioa eta bake bidea ezinezkoa izango dela argudiatuz.