Iruñeko Sortuk auto gidariei dei egin die Guardia Zibilaren koartel aurretik igarotzean klaxona jotzeko Altsasuko gazteen epaiaren aurka.
Sare sozialetan zabaldu duten bideo honetan ikus daitekeenez, hainbat auto gidarik bat egin dute kanpainarekin.
Lau bozina kanpaina aurrekari
Orain urte batzuk antzeko kanpaina bat abiatu zuen Alde Hemendik mugimenduak. "Espainiako eta Frantziako polizia, Guardia Zibil, jendarme eta orokorrean indar okupatzaileei beraietaz pentsatzen duguna ozenago esango diegu: Alde hemendik. Que se vayan. Barrez vous d'ici", zioten ohar batean.
Kode berri bat mahai gainean jarri nahi izan zuten: autoarekin bozina lau aldiz jotzea. "Lau aldiz tutua, klaxona edo adarra, edo dena delakoa jo, al-de_he-men-dik edo beren hizkuntzetan que-se-va-yan eta ba-rrez-d'i-ci esateko. Irribarrea eragingo digun keinu txikia", zioten. Bideo batzuk ere sareratu zituzten eta herritarrei dei egin bat egiteko. "Imajinatu praktika zabaltzea lortzen badugu eragingo diegun astindu etengabea. Eskratxe bozineroa egingo diegu, terminoa bataiatzeko ohorea dugunez", diote.
"Koartelen aurretik pasatzean, beren autoekin gurutzatzen garenean, beren boterea erakusteko kontroletan ilara luzeetan zain gauzkatenean", bozina jotzeko dei egina dago. "Egunero pasatzen gara ehunka eraikinen aurretik. Entzun behar dute. Joaten diren arte. Egunero. Etengabe", zioten.