argia.eus
INPRIMATU
Guardia Zibilaren jazarpena eta kolaborazio eskaera salatu ditu Galder Barbadok
  • Sorturen egoitzan egin du agerraldia Galder Barbadok, eta azken asteetan jasan duen etengabeko jazarpena "amesgaizto" gisa definitu du.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2022ko maiatzaren 20a

Espainiako Auzitegi Gorenak oraindik ez du Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteen aurkako ebazpenik eman oraindik, nahiz eta Fiskaltzak zortzina urteko espetxe zigorra eskatzen dizkien. Testuinguru honetan, Galder Barbado Sortuko militanteak Guardia Zibilaren jazarpena eta kolaborazio eskaera salatu ditu.

Barbadok berak kontatu duenaren arabera, joan den hilabetean errepideko kontrol batean geratu zuen Guardia Zibilak, hiru lagunekin batera. Haren hitzetan, kontrola "normala" izan zen hasieran, baina asko luzatu zen azkenean. Euripean ordu t'erdi baino gehiago eduki zituzten autoaren kanpoaldean.

Orduan, kamuflatutako bi autotan aurpegia tapatuta zuten hainbat pertsona gerturatu ziren, baina batek bakarrik hitz egiten zuen, 'Harley' ezizena zuena. Pista baten sarreran galdeketa egin zieten gazte bakoitzari, banan-banan, eta Barbadoren esanetan, orduan egin zioten lehen kolaborazio eskaera.

'Harleyk' bere egoeraren jakitun zela adierazi zion Barbadori, eta gauzak kontatzen bazizkion, epaiketan lagunduko ziola esan zion, eta Bilbon kafe bat hartzeko gonbita luzatu zion. Barbadok ezezkoa eman ostean, lasai egoteko esan zion, non bizi den badakiela esanaz eta harekin kontaktuan jarriko zela gehituz.

Handik bi astera dei 'Harleyen' deiak jasotzen hasi zela dio Barbadok, eta honek telefonoa hartzen ez ziola ikusiz, 'Harleyk' SMS bidez idatzi zion, kolaborazio eskaintzarekin jarraituz.

Azken gertakariak aste honetan jazo dira. Astelehen gauean, Barbado autora sartu zenean, norbait jarraika zuela ikusi zuen, eta autotik jaistean polizia bat zela ohartu zen. Herritik alde egiteko esan zion Barbadok, eta poliziak barre egin eta bertan geldirik geratu zen. Bestalde, Barbadoren bi lagunek polizien deiak jaso dituzte aste honetan, hura non dagoen galdezka.

Ainhitze Gastaka Martinez abokatuarekin eta Haimar Altuna Sortuko gatazkaren ondorioen konponbiderako arduradunarekin batera eman du prentsaurrekoa Barbadok. Altunaren arabera, Espainiako Estatuko aparatuek demokratizatu gabe jarraitzen dute, eta Espainiako Gobernuari pertsona guztien eskubide zibil eta politikoak errespetatzea eskatu dio.