Eusko Jaurlaritzak “terrorismoaren” aitzakian egiten diren errepide kontrolak bertan behera uzteko eskatu dio Espainiako Barne Ministerioari. Operazio horiek ez dutela “justifikazio polizialik” eta “herritarren ondoez-iturri” bihurtu direla adierazi du Jaurlaritzako Segurtasun Sailburuordetzak.
Kontrol horiek “beharrezkoak ez diren eskemak” errepikatzen dituztela adierazi dio Jaurlaritzak Ministerioari bidalitako kexan, El Paisen irakur daitekeenez. Gaineratu du aurretiko abisurik gabe ezartzen direla eta kexaka deitzen dieten herritarren bitartez izaten dutela operazioen berri.
Uztailaren 15, 28 eta 31n egindako operazioek herritarren haserre hori areagotu dutela azaldu du Jaurlaritzak, EAEn jai egunak diren egunetan. Lapurditik Ipar Euskal Herrira edo Frantziara joan nahi duten herritarren aurrean “irudi txarra” ematen dela adierazi dute.
“Kontrolak badaude, behintzat gardentasuna egon dadila hauen arrazoien inguruan”, dio Segurtasun Sailburuordetzak eta zehaztu du drogen aurkakoak eta kontrol bereziak ez dituztela ezbaian jartzen.
“Lekuz eta denboraz kanpo”
“Kontrol antiterroristak lekuz eta denboraz kanpo” daudela esan du Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordeak SER irrati katean egindako elkarrizketan. Iragan martxoan, Andoni Ortuzar EAJk buruak ere “behin terrorismoa desagertuta, bata bestearen ondoan, milaka polizia izatea” zentzugabekotzat jo zuen.
Barne Ministerioak ez du adierazpenik egin gaiaren inguruan. Hala ere, Espainiako Gobernua terrorismoaren aurkako operatiboak murrizten has daiteke eta datozen hilabeteetan, 200 eskolta inguru herri-segurtasuneko lanetara itzuliko dira.
Ertzaintzan ere irailean antzeko berrantolaketa izango dela esan du Zubiagak. Kopurua murriztuko ez duten arren, zerbitzuak gutxitu eta pertsonal eskoltatua soilik errepresentazio instituzionalean mantenduko dela jakinarazi du.