Altsasura itzuliko da Ciudadanos, Ospa Egunaren bezperan. "Bertako guardia zibilek eta gure zerbitzari publiko guztiek askatasunaren alde egiten duten lana eskertzea" dute helburu, Ines Arrimadas alderdiko buruaren hitzetan.
Ostiralean egingo dute ekitaldia, Ciudadanosek deituta. 2018an ere egin zuten, Guardia Zibila goratu asmoz. Aurten ere, Vox, Asociación Profesional Justicia para la Guardia Civil, JUCIL eta Villacisneros Fundazioak eskatu dute Ospa Eguna debekatzeko, baina ez dute lortu.
Ciudadanosen bisita eta hurrengo egunean, larunbatean, egingo da Ospa Eguna. Poliziaren “normalizazioa, presentzia eta errepresioa” handitzen ari dela adierazi du Ospa! mugimenduak, eta testuinguru horretan gorputz polizial ororen aurka borroka antierrepresiboan mantentzen direla azpimarratu dute. Horretarako egitaraua prestatu dute “Poliziarik ez! Langileon aurkako errepresioa gelditu” lelopean.