Guardia Zibilak Pablo Raventós Unipost mezularien enpresako zuzendari nagusia atxilotu du, ostegun goiz honetan enpresa honek Hospitalet de Llobregaten duen egoitzan egiten ari den miaketan.
Bartzelonan enpresak duen beste egoitza bat eta pertsona baten etxea ere miatzen ari da Guardia Zibila. Miaketan urriaren 1eko erreferenduma ikertzen ari dira, Kataluniako Lurralde Auzitegiko Juan Antonio Ramirez Sunyer epaileak irekita duen auzian.
Ez da lehen aldia enpresa hau miatzen dena, joan den irailaren 19an ere egin zuen Guardia Zibilak eta orduan 45.000 errolda txartel eraman zituen. Herritarrek jarritako erresistentziaren aurrean, orduan hiru ordu behar izan zituen Guardia Zibilak egoitzan sartzeko. Atzemandako materialarekin erreferenduma egiteko behar ziren errolda txartelen %80 eskuratu zutela iragarri zuten.
Txartel hauek balio zuten herritar bakoitzak non bozkatu behar zuen jakiteko. Orduan Espainiako Barne Ministerioak ia desegintzat jo zuen urriaren bateko erreferendumaren antolaketa, baina urriaren 1ean bertan, Generalitateak errolda unibertsalaren aukera ireki zuen, herritar bakoitzak ahal zuen bozka-gunean bozkatzeko.
Correos-ekin ezin zuenez banaketa egin, 2014ko azaroaren 9ko kontsultan ere Generalitateak Unipost erabili zuen errolda txartelak banatzeko, Rafal Catalá Espainiako justizia ministroaren arabera, enpresak zituen arazo ekonomikoez baliatuta. Codorniu-ren jabea den Raventós familiaren enpresa sarekoa da Unipost, La Vanguardian irakur daitekeenez. Indipendentzia prozesuarekiko desadostasuna agertuz, Codorniuk urrian utzi zuen Kataluniako egoitza soziala eta Errioxako Erkidegora eraman zuen.
Beheko bideoan ikus liteke irailaren 19ko miaketa, guztiz bestelako giroan. Ordukoa da erresistentzia baketsuan Guardia Zibilaren aurrean egindako lehen bilkura. Hurrengo egunean izan ziren Gobernuko karguen lehen atxiloketak.