argia.eus
INPRIMATU
Guardia Zibilak trafikoan jarrai dezan nahi du Nafarroako eskuinak
  • Jose Luis Arasti Nafarroako Espainiako Gobernuko ordezkariak esan duenez, posible da trafiko eskumenak aurrerantzean Guardia Zibila eta Foruzaingoaren artean eramatea.

ARGIA @argia 2018ko abenduaren 05
Guardia zibilen bilkura Iruñean.

Joan den urriaren 31n Nafarroako Gobernuko lehendakari Uxue Barkosek eta Espainiako Gobernuko lehendakari Pedro Sánchezek Nafarroak trafiko eskumenak eskuratuko zituela adostu zuten. Noizko eta nola ez zuten finkatu, ordea, eta Nafarroako eskuina gogor ari da kritikatzen balizko eskumen aldaketa. Ez da Espainiako Gobernuak aldaketa iragartzen duen lehen aldia, baina orain arte ez da inoiz gauzatu.

Gaur egun Foru Poliziak trafiko lanen %80 eramaten du eta gainerakoa Guardia Zibilak. Institutu militarrak 1.500 guardia zibil ditu gaur egun Nafarroan eta horietatik 240 trafiko lanetara bideratzen ditu. Foruzaingoaren ustez, 150 polizia gehiagorekin berak hartuko luke lan guztia bere gain. Galdera da ea orduan zer gertatuko litzatekeen guardia zibil horiekin; Aristik garbi utzi duenez, guardia zibilen kopurua ez da txikituko Nafarroan.

Bilkura Guardia Zibilaren alde

Astearte arratsaldean Guardia Zibilaren hainbat elkartek bilkura egin zuten Iruñean talde armatu honek jarrai dezan Nafarroako trafikoaren ardurarekin; 250 bat pertsona bildu ziren bertan, Diario de Noticias-en esanetan, tartean UPN, PP eta Ciudadanoseko ordezkariak. Egunkari honen arabera, Espainiako banderak zeramatzaten eta Uxue Barkos lehendakariak ez dituela ordezkatzen oihukatu zuten.

Voxen oihartzunak Nafarroan

Andaluziako hauteskundeen emaitzen uhinak ere iritsi dira Nafarroara eta honen harira, UPNko foru parlamentario Sergio Sayasen esanetan, egungo gobernua aldatzeko ez zaio muzin egin behar inori –Voxi erreferentzia eginez–, salbu eta “nazionalista eta separatistei”. Voxek argi azaldu du foru erregimena bertan behera uztearen aldekoa dela, baita autonomien estatua desegitearen aldekoa ere.