Bosgarren urtez jarraian “indar errepresiboei alde egiteko gonbitea” luzatu diete larunbatean Altsasun Ospa Egunarekin. Eguerdian Guardia Zibila agertu eta hiru karroza kendu dizkiete. Istiluak sortu eta hainbat herritar kolpatu dituzte.
Goizetik izan dute poliziaren mehatxua eta jazarpena Sakanako herrian. Eguneko lehen orduetan Guardia Zibilaren helikopteroa inguruak zelatatzen zebilen. Bazkaria baino lehen udaletxetik antolatzaileei adierazi diete poliziak hiru karroza kentzera sartzeko mehatxua egin duela.
Giro alaiean bazkaltzen ari ziren bitartean agertu da Guardia Zibila plazara, eta indarrez bertan zeuden hiru karroza atera ditu “iraingarriak” zirela argudiatuz. Bertan zegoen jendearen aurka oldartu da polizia, eta borrak erabili dituzte gerturatutakoak sakabanatzeko.
Poliziaren erasoari aurre eginez, antolatzaileek Ospa Egunarekin jarraitzea erabaki eta “Alde Hemendik” mezua herritik zabaltzen jarraituko dutela azpimarratu dute: “Ikusten da min ematen diela honek, herri mugimendu indartsu batek hemendik alde egiteko esaten dielako”, adierazi dute antolatzaileek.
Ahotsa.info-ko kideak han izan dira egunaren jarraipena egiten.