Diego Perez de los Cobos Guardia Zibilaren Madrilgo Komandantziako burua kargutik kendu ostean, Espainiako Barne Ministerioaren eta erakunde polizialaren arteko ika-mikak ez du etenik. Txosten berri bat jarri du mahai gainean Guardia Zibilak eta oraingoan Fernando Simon Alerta eta Larrialdi Sanitarioak Koordinatzeko Espainiako Zentroaren bozeramailea jo-puntuan jarri dute.
Guardia Zibilaren eta Espainiako Gobernuaren arteko ika-mikak kapitulu berri bat izan du ostegun honetan. Espainiako Alerta eta Larrialdi Sanitarioak Koordinatzeko Zentroa dago orain begipuntuaren xedean: Guardia Zibilak idatzitako txosten berri baten arabera, zentro horrek ez du martxoaren 8ko manifestazioari buruzko informazio guztia eman, eta, beraz, ikerketarako gakoak diren "dokumentuak falta litezkeela" dio indar polizialak.
Martxoaren 8ari buruz Guardia Zibilak idatzitako bigarren txostena da eta EFE agentziak eskuratu du. Madrilgo 51 zenbakiko Instrukzio Epaitegiko titular Carmen Rodriguez-Medeli eman zaio dokumentu hori, lehen txostenaren hedapen gisa. Aurrekoak zeuzkan ageri-ageriko "akatsak" zuzendu dituzte, hala nola OMEk pandemia-deklarazioa urtarrilaren 30ean kokatzen zuela, eta ez martxoaren 11n, M8-tik hiru egunera.
Dokumentu berriak 200 orrialde ditu eta Irene Montero Espainiako Berdintasun ministroari egindako "off the record" grabaketa bat ere agertzen da bertan. Beste pasarte batean, ikertzaileek diote uste dutela Alerta eta Larrialdi Sanitarioak Koordinatzeko Zentroak ez zuela pandemiari buruz duen informazio guztia eman martxoaren 8a baino lehen.
Espainiako "Estatu sakona" haserretu zuen kargugabetzea
Espainiako Gobernua eta Guardia Zibila etsaitzeko gakoa izan zen aurreko txostenean, Guardia Zibilak informazioa ezkutatzea leporatu zion Jose Luis Franco Espainiako Gobernuak Madrilen duen ordezkariari eta horren bidez lortu du Carmen Rodriguez-Medel epaileak –Guardia Zibilarekin lotura handia duenak– ordezkaria inputatu gisa deitu ahal izatea.
Rodriguez-Medelek orain arte ez du ukitu Larrialdi Sanitarioak Koordinatzeko Zentroko bozeramailea, Fernando Simon, baina Guardia Zibilak bigarren txostenean haren aurka egin du. Besteak beste, Simonek eskatutako informazioa entregatzeko izan dituen atzerapenak nabarmendu dituzte txostenean.
Dokumentu berria laster filtratu da prentsara, aurrekoa bezala. Eta lehen txostenak izan zituen ondorioak ikusita –Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak kargutik kendu zuen Diego Perez de los Cobos, Madrilgo Komandantziako arduraduna–, zenbaitek dokumentu berriaren atzean Guardia Zibilak Espainiako Gobernuari egindako ordagoa ikusi dute.