argia.eus
INPRIMATU
Guardia Zibilak ez du D eredua ikertu Madrilek dioenez, baina egin balu informazioa konfidentziala litzateke
  • Amaiurko diputatu Jon Iñarrituk Guardia Zibilaren ustezko txostenaren harira eskatutako azalpenei erantzun die Espainiako Gobernuak. Ohar labur baten bidez, PPren gobernuak jakinarazi du Guardia Zibilak ez duela hezkuntzan berariazko ikerketarik egin. Bestalde oroitarazi du segurtasun indarren informazioak konfidentzialak direla.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2014ko urtarrilaren 16a
Hainbat hedabidek Nafarroako D ereduko irakasleak ETArekin lotu zituzten

Antzeko erantzuna eman zion Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne Ministroak Uxue Barkos diputatuak abenduan egin zion galderari. Barkosek itaundu zuen Guardia Zibilak D ereduko ikastetxeen inguruan eginiko ustezko txostena betetzeko 1.652 herritarrei eginiko zelatatzeak epailearen aginduz egin al ziren.

Barne ministroak ez zuen erantzuna argitu, Guardia Zibilak “ETA eta bere ingurua” miatzen dituela azaldu zuen;  ez direla inolako eredutako hezkuntza alorrean sartzen. Horren harira, Gobernuak “ikastetxeetan gorrotoa sustatzearen kontra” eginen duela  azaldu zuen galdera saihestu nahian. Halaber, “ETA eta bere tentakuluak” hezkuntzan “infiltra” ez daitezen beharrezko neurriak aztertzen hasiko direla gaineratu zuen.

Diario de Navarra, ABC eta El Mundo egunkariek Nafarroako D ereduko 1.652 irakasle ikertu zituztela eta horietatik laurdenak ETArekin zerikusia dutela filtratu zuten. Ustezko dokumentuan oinarrituta atera omen zituzten ondorio horiek.

Hautsak harrotu zituen aferak, izan ere Yolanda Barcinak Nafarroako presidenteak txostena ikusi izana argudiatu zuen. Eta Fernandez Diazek baieztatu zuen “jendartearen eskubideen defentsan eta indarkeria ekintzak baztertze aldera” neurriak hartuko dituela Espainiako Gobernuak.