argia.eus
INPRIMATU
Miranda de Ebron armategi batekin atxilotutakoaren ideologia faxista ezkutatu du Guardia Zibilak, sare sozialetan salatu dutenez
  • Miranda de Ebron atxilotutako gizonak armak eta etxean egindako lehergailu ugari zituen gordeta. Arma asko beste herrialde batzuetatik erositakoak dira, eta erabilgarri daudela jakinarazi du Guardia Zibilak.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2019ko abenduaren 05

43 urteko gizon bat atxilotu dute Miranda de Ebron, Arabako mugatik gertu, legez kanpo arma ugari edukitzeagatik. Atxilotuak nazioartetik erositako materiala zeukan erabiltzeko prest, baita etxean bertan egindako lehergailauak ere. Sare sozialetatik hainbat mugimendu zein pertsonek salatu dute Guardia Zibilak eta zenbait hedabidek apropos ezkutatu dutela gizonaren ideologia.

Sare sozialetako erabiltzaileek salatu dute gizonak ideologia faxista duela: "Balkoitik bandera frankista eta falangista bana zituen eskegita, eta VOXen argitalpenak partekatzen zituen", azaldu du Izquierda Mirandesa Twitterreko erabiltzaileak.