Astearte goizeko 8:00etan abiatu den polizia operazioan, Guardia Zibilak atxilotu egin ditu joan den ostiralean Espainiako Auzitegi Nazionalak zigortu zituen eta kalean ziren Jon Ander Cob, Aratz Urrizola, Iñaki Abad eta Julen Goikoetxea.
Espetxean ziren lehendik ere Adur Ramirez de Alda, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanz.
Bi urteko espetxe zigorra ezarri dioten Ainara Urkijo ez dute atxilotu.
Madrilera daramatzate Naiz-ek informatu duenez.
Entzun Altsasuk sareratu du Iñaki Abad atxilotu duten unea.
Iñaki Abad atxilot dute #altsasukoakaske pic.twitter.com/PaTBKeVflp
— Entzun Altsasu (@EntzunAltsasu) 2018(e)ko ekainaren 5(a)
Jarraian Guaixek kaleratu duen bideoa.
Altsasuko auzipetuen atxiloketak. https://t.co/UxMSWLtveH
— Guaixe (@guaixe) 2018(e)ko ekainaren 5(a)
Amaia Amilibia, Jon Ander Coben ama da, atxilotu duten gazteetako bat. Astelehen arratsaldetik Guardia Zibilaren presentzia handia salatu du, eta astearte goizean atxiloketa nola izan den azaldu du.
Atxilotutako Jon Anderren amaren azalpenak. https://t.co/EZyE5Fa7LJ
— Guaixe (@guaixe) 2018(e)ko ekainaren 5(a)
Guztira 79 urteko espetxe zigorra bi guardia zibilekin izandako liskarragatik
2016ko urriaren 15ean, herriko feria eguneko goizaldeko 5:00etan herriko taberna batean kalez jantzitako bi guardia zibilen, beren bikoteen eta altsasuar talde baten arteko liskarraren ondorioz, agenteetako batek txorkatila lesionatuta amaitu zuen alde batean, eta zazpi gaztek espetxeratuta beste aldean. Hamar eta hamabost urte arteko kartzela zigorra eskatzen zieten bakoitzari.
Kasuak haserre handia eragin zuen eta atxilotuen senide eta lagunek mugituta, kanpaina etengabea egin dute justizia eske. Altsasun 20.000 lagun bildu zituzten atxiloketak gertatu eta gutxira. Herriz herri beren aldarrikapenen inguruan atxikimenduak biltzen pasa ostean urte eta erdi, apirilaren 14an, 50.000 lagunetik gorak Iruñea erdialdea kolapsatu zuten “ez da terrorismoa, justizia” lelopean.
“Kalteak, desordena publikoa eta mehatxuak” eta “agintearen aurkako atentatu” delituak leporatu dizkie Espainiako Auzitegi Nazionalak zortzi gazteei.
Kasuak oihartzun mediatiko handia lortu du, eta besteren artean The Guardian, Al Jazeera eta New York Times-ek idatzi izan dute kasuaz.