argia.eus
INPRIMATU
Jose Luis Etxebarria 'Porru'
Heroina Arrasaten Guardia Zibilak banatzen zuela frogatu zuen udaltzainburua hil da
  • Jose Luis Etxebarria Porru 1982tik 2012ra izan zen Arrasateko udaltzainburu, eta frogatu zuen droga Donostiako Intxaurrondoko eta Bilboko La Salveko kuarteletatik eramaten zutela herrira. Azaroaren 20an hil da, 65 urte zituela.

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 21

Aretxabaletarra zen jaiotzez Jose Luis Etxeberria Porru, baina bizitza Arrasaten igaro zuen. Besteak beste, ezaguna zen 80ko hamarraldian frogatu zuelako Guardia Zibila zela herrian heroina banatzen zebilena, garai hartako EAJko alkate Jose Antonio Ardanzak eskatutako ikerketa batean. Igandean hil da Porru, 65 urte zituela, Goiena hedabideak jakinarazi duenez.

1982. urtean hartu zuen udaltzainburu postua, Arrasaten drogaren ondorioz gazte asko hiltzen ari zen garaian, eta 30 urtez jardun zuen lan horretan. Udaltzainburutza hartu berritan jaso zuen Ardanzaren agindua, ikertzeko nondik iristen zen heroina herrira, argitzeko nor zebilen droga trafikoan. Kalez jantzitako udaltzainek jarraipenak egin zizkieten droga banatzen zebiltzaten ibilgailuei, eta bi tokitara iritsi ziren, 2015ean Berriak egindako elkarrizketan gogoratzen duenez: Guardia Zibilaren bi kuarteletara, Bilboko La Salvekora eta Donostiako Intxaurrondokora.

"Frogatu genuen droga kuarteletatik ekartzen zutela Arrasatera, baina ezerezean geratu zen salaketa, ez zegoelako interes handirik hori jakiteko. Etsigarria zen", azaldu zuen elkarrizketan. Izan ere, epaitegietara jo zuten, baina ez zen nahikoa izan ikerketa bat abiatzeko, auto gehienen matrikulak faltsuak zirelako, eta "oso agerikoa" zelako "ez zegoela borondaterik ikertzeko".

80ko urteetan Arrasateko arazorik handiena drogarena zela iritzi zion, eta Berriari berretsi zion zergatik izan zuen herri horretan bereziki eragin handia: "Ez da kasualitatea Guardia Zibilak Arrasate moduko herri bat hautatzea droga banatzeko: ETAko buruzagiak, izen handiko politikariak, kooperatibak... Bai politikoki, bai sozialki eta bai ekonomikoki, indar handiko herria zen Arrasate. Nahita aukeratu zuten".

Justo Arriola elgoibartarrak 2017an argitaratu zuen Txalapartarekin A los pies del caballo, narcotráfico, heroina y contrainsurgencia en Euskal Herria liburua, eta bertan bildu zuen Porruren testigantza, besteren artean.