argia.eus
INPRIMATU
Guardia Zibila COVID-19ari buruzko “zurrumurruak eta sasi-albisteak” jazartzen dituela dio
  • Guardia Zibila COVID-19ari lotuta sare sozialetan zabaldu diren "zurrumurruak eta sasi-albisteak" ikertzen ari da, "Gobernuaren erakundeekiko atxikimendu falta eta estres soziala" txikitzeko asmoz. Mercé Barceló Zuzenbide Konstituzionaleko katedradunak salatu du Guardia Zibilaren egitekoa delituak jazartzea dela, ez "estres soziala". Albiste faltsuak ematea ez dela delitu oroitarazi du, eta guardia zibilen jazarpen honek adierazpen askatasuna murriztea dakarrela.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 22a

Eldiario.es hedabideak eman du albistea eta Marcos Pinheiro da landu duen kazetaria.

José Manuel Santiago Guardia Zibilen generalak apirilaren 15ean emaila bidali zuen Espainiako estatuko komandantzietara, eskatuz bidali zezatela Guardia Zibilak ziber munduan egin zituen hainbat ekintzen berri, horiekin denekin txosten bat osatzeko. Hauxe da email horretan eskatu zuen informazioetako bat: "COVID-19ak sortutako egoerari lotuta egin diren desinformazio kanpaina, zurrumurru eta fake news-ak identifikatzea, ikertzea eta jarraipena egitea" . Esaten du kanpaina, zurrumurru eta sasi-albiste horiek "Gobernuaren erakundeekiko atxikimendu falta eta estres soziala eragin dezaketela".

Santiagok zera adierazi zuen email hauen berri argitaratu bezperan: "Guardia Zibila lanean ari dela Gobernuak krisiaz egin duen kudeaketaren aurkako klima gutxitzeko". Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak esaldi hori "lapsus" bati egotzi zion.

"Albiste faltsu bat ematea ez da delitu"

Eldiario.es hedabdeak Mercé Barceló-ren adierazpenak jaso ditu. Barceló Bartzelonako Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna da eta salatu du Guardia Zibilaren jarduera horrek adierazpen askatasuna kaltetu lezakeela. Erabat gaitzesten du guardia zibilek sare sozialetan albiste faltsuak jazarri behar dituztenik, izan ere, bere hitzetan "albiste faltsua ematea, gertakari faltsuak, ez egiazkoak, ez frogatuak, ez da delitu". Guardia Zibila sare sozialetan zurrumurruak ikertzen aritzeak adierazpen askatasuna mugatzea dakarrela dio: "Badakizu jazarriko zaituztela eta ez dakizu zergatik, ez dakizu zein delituren bila dabiltzan zurrumurru bila ari direnean".

Santiagok erabili duen argudioa da informazio okerrak bilatzen dituztela "estres soziala" saihesteko. Barcelók zera dio: "Guardia Zibilaren lana delituak jarraitzea da, ez estres soziala. Ez da hori haien funtzioa, ez daude horretarako. Horretarako daude medikuak, psikiatrak eta psikologoak".