Indar armatuek zibersegurtasunari buruzko lehiaketa bat antolatu eta ekimena Nafarroako DBH ikastetxe guztietara heldu da; amaierako fasea Aranjuezeko Guardia Zibilaren akademian ospatuko dute. LAB sindikatuak gogora ekarri ditu duela hainbat urte irakasleen ideologiaren arabera Guardia Zibilak egindako “zerrenda beltzak”.
LAB sindikatuak “desegokitzat eta erabat salagarritzat” jo du Guardia Zibilak Nafarroako Gobernuaren Ikasnova plataforma erabili izana ikasleak zibersegurtasunari buruzko lehiaketa batera erakartzeko. “Naturalki militarra den Espainiako Instituto Armatuak” ikasleen ikaskuntza-prozesuan parte hartuko duelako LABek hezkuntza komunitateari dei egin dio ez dezan parte hartu.
Ohar bidez jakinarazi duenez, Guardia Zibilaren ekimena Nafarroako DBHko zentro orotara heldu da, bai publikoetara, baita itunpekoetara ere. Lehiaketaren azken fasea Madrilgo Aranjuezen (Espainian) egingo da, Guardia Zibilaren akademian.
LABek dioenez lehiaketa “lekuz kanpo dago erabat”, eta “Espainiako institutu armatu horren itzal iluna Euskal Herriko ikasgeletan zuritzeko bederatzigarren saiakera” dela berretsi du. Hala, Carlos Gimenori, Nafarroako Hezkuntza Saileko buruari, eskatu dio berriz ere halakorik ez zabaltzeko, ikasgeletan “ez baitago Guardia Zibilaren beharrik”.
Gogora ekarri dituzte “Guardia Zibilak Nafarroako hezkuntza komunitateko ehunka kideren aurka egindako ekintzak”, duela hainbat urte irakaslegoaren ideologiak biltzen zituzten “zerrenda beltzak” kasu, geroago zenbait hedabidek lau haizeetara zabaldutakoak.
Sindikatuak gehitu du “ezin duela onartu langileen eskubideak urratu” dituen antolakunderik ikasgeletan sartzea. Hezkuntzako Departamentuari eskatu dio ez dezala bat egin “horren balio atzerakoiak defendatzen dituen eta Nafarroako irakasle zein ikasleak erreprimitzen eta kriminalizatzen ibili den erakunde militar horren egitasmoarekin”. Lehiaketan ez parte hartzeko deialdia egin du LABek eta Hezkuntza komunitateari eskatu dio adi egon dadin, gisa horretako egitasmoak salatzeko.