argia.eus
INPRIMATU
Guardia Zibila Kataluniako parlamentuan sartu da, erreferendumarekin lotutako faktura bila
  • Katalunian 2017ko urriaren 1ean egin zen erreferenduma bultzatu zuten buruzagi independentisten aurkako epaiketa martxan den bitartean, Guardia Zibileko agenteak parlamentu autonomikoan sartu dira, erreferendumarekin lotutako faktura bila.

ARGIA @argia 2019ko martxoaren 06a
Kataluniako parlamentua iazko irudi batean (argazkia: Kataluniako Generalitatea).

Ekitaldi zehatz baten inguruko informazioaren bila joan dira Guardia Zibilak parlamentu kataluniarrera: urriaren 1eko erreferenduma iragartzeko Teatre Nacional de Catalunya antzokian 2017 uztailean egin zen aurkezpenarekin lotutako datuak hartu nahi dituzte.

Efe albiste agentziaren arabera, Espainiako indar armatuetako kideek eskatu dituzte ekitaldi hori pagatzeko fakturak. Junts pel Sí-k (Convergencia, ERC eta independenteak batu zituen hauteskunde plataforma independentista) bere garaian adierazi zuen bere talde parlamentarioak ordaindu zuela aipatutako ekitaldia.

Parlamentuan sartzeko agindua Bartzelonako 13. epaitegiak eman du. Buruzagi independentistak epaitzen ari den Espainiako Auzitegi Gorenaz gain, Bartzelonako epaitegi hori ere ari da urriaren 1eko erreferenduma nola prestatu zuten ikertzen. Oraingoan parlamentuan sartu diren arren, ekitaldi berarekin lotuta Teatre Nacional de Catalunyan ere sartu zen Guardia Zibila ekitaldia egin eta gutxira, 2017ko uztailean bertan.