Herrirak, Euskal preso politikoen eskubideen aldeko mugimenduak Bilbon, Hernanin, Gasteizen eta Iruñean dituen egoitzetan sartu da Guardia Zibila. Espainiako Barne Ministerioaren arabera "Amnistiaren Aldeko Batzordeen oinordeko" izateagatik egin dute Herrira-ren kontra.
Hauek izan dira atxilotuak: Andoainen Ekain Zubizarreta, Urnietan Amaia Esnal eta Azpeitian Eneko Ibarguren. Imanol Karrera Huarteko Euskaltegian atzeman dute. Gasteizen Ane Zelaia Herrirako kidea atxilotu dute. Atxiloketa gehienak Hernaniko egoitzan egin dituzte: Nagore Garcia, Manu Ugartemendia, Jesus Mari Aldunberri, Jon Garai, Sergio Labaien, Eneko Iglesias, Jose Antonio Fernandez, Oskar Sanchez, Roberto Noval eta Ibon Meñika. Horiez gain, Gorka González, Beñat Zarrabeitia eta Francisco Javier Balda ere atxilotuak izan dira. Naiz.info-k iturri judizialak aipatuz jakinarazi du atxilotuak egoera "komunikatuan" daudela.
Barne Ministerioak dioenez preso politikoei egindako "ongi etorriak" eta omenaldiak antolatzen zituen Herrirak, eta horietan "terrorismoari gorazarre" egiten zioten. Operazioa Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz egin da eta Herriraren egoitzak ixteko agindu du. Herrirak sare sozialetan dituen kontuak blokeatzeko ere agindu du epaileak, guztira 38 web orrialde, eta Twitterreko 32 kontu eta Facebookeko 125 kontu.
Bilboko miaketan Guardia Zibila pisuz okertu eta eraikin berean Eusko Alkartasuna alderdiak duen egoitzan sartu da. Hernaniko Plaza Berria itxita daukate guardia zibilek, hainbat patrol daude bertan eta horrez gain bi furgoneta handi ere bai. Hernaniko egoitzan Herrirako hainbat kide atxilotu dituzte; Espainiako Barne Ministerioak ohar bidez azaldu duenez "zuzendaritza nazionala" bilkura egiten ari zen momentu horretan.
Atxilotuak nora eta zein baldintzatan eramango dituzten ez du zabaldu Espainiako Barne Ministerioak, baina adierazi du operazioak zabalik jarraitzen duela. 12:30etan prentsaurrekoa emango duela iragarri du Barne Ministroak.
Erreakzioak:
Lokarrik kezka azaldu du "askatatasunen eta eskubideen urraketa larriaren aurrean". EH Bilduko hainbat parlamentari, tartean Laura Mintegi eta Julen Arzuaga, Gasteizko egoitzaren aurrean daude uneon. Amaiurrek Barne Ministroari idatziz eskatu dio atxilotuei inkomunikazioa ez aplikatzeko eskatuz.
Arratsaldean hainbat manifestazio eta mobilizazio egingo dira operazioa salatzeko.