argia.eus
INPRIMATU
Guardasolpean
  • Joan zen azaro euritsuko arratsalde ilun eta bustia zen. Hilak 16. Zaldibiko plazan.  “Hiru atso dantzan” dio kantu zaharrak. Baina, ez. Bihotza zebilen aurresku dantzan guardasolpean. Gainaldetik ikusezin, handiki boteretsuengandik ezkutuan. Behetik elkarren begi-bistan, begiak malkotan, herri bat zegoen bizirik, minduraz lutoan: "Agur, Josetxo!".

     

IƱaki Usabiaga @argia 2019ko abenduaren 13a

Guztiak ez ginen han.

"Ez diat joateko ahalmenik –esan zidan penaz Zugaztiko Bentura, bion lagun minak, Seminarioko bere apaiz erretirotik– nik egingo ditiat “hemengoak”, egin itzak heuk “horkoak”. Meza zuen hark ordu berean: Josetxo gogoan.

Gerora, bere gelaren gordean, fariseu salatarien begien bistatik urrun, bere baitan, “guardasolpean”, bihozkada hunkigarri hauek igortzen dizkio Josetxori. Merezi du irakurtzea bide beretik abiatu eta, "ez hobea, ez txarrago", bide desberdinetik "atzera egin gabe" jarraitu, mende erdi bat atzerrian igaro eta, bizitzako ilunabarrean, bidegurutze berean topo egiten duen lagun minaren aitortzak:

Josetxo! Izen honekin ezagutu zintudan, izen honekin ezagutu zaitut, izen honekin ezagutuko beti: Josetxo! Neretzat ez dago aldaketarik. Beti Josetxo izango zara.

Zu haurra, ni gaztetxoa; zu gaztetxoa, ni zerbait helduxeagoa, baina zure oroimena beti bat bera: oroimen atsegina.

Xaloa zinen, apala. Gogoan zaitut, txistulari bezala, gogoan mendiko zenbait irteeretan, gogoan apaizgintzarako bidean eman zenituen hasierako urratsak, gogoan nola laguntzen zenidan baserrira bidean, elizatik baserriraino, gero berriro zure etxera itzultzeko bakarrik edo zeure lagunekin batera. Gertukoa zinen, ona.

Pixkana heltzen joan ginen. Nik lehengo bideari jarraitu nion, zuk bide berri bat aukeratu zenuen, ez hobea ez txarragoa, zeuretzat onena uste zenuena. Garai zailak etorri ziren, nahastuak, eta zuk bide zailari heldu zenion, hor bilatu zenuen zeure herria zerbitzatzeko bidea eta hor egin zenuen zeure eskaintza. Ez zenuen atzera egin, aurrera baizik.

Bizitzako arazo eta korapiloak elkarrengandik aldendu egin gintuzten, elkarrekiko harremana etenda bezala geratu zen. Baina, egiaz diozut: zure oroimenak beti iraun du nigan eta atsegina izan zait.

Horrela, orain dela urte bete bat, Okobioko Iñaxio bitarteko zela, berriro elkarrekin aurkitzeko eta bazkaritxo bat egiteko zoria izan nuen arte. Egun ederra izan zen neretzat, aspaldiko lagun zahar batekin aurkitu nintzenekoa, oroimen eta bizikizun asko igaro ziren nire buru-bihotzetik.

Gauza batek eman zidan zer pentsatua: zaharkitua topatu zintudan, behar baino zahartuagoa. Zalantzarik gabe, zure bizitza gogorraren, egun batean egin zenuen aukeraren eta zure eskaintzaren ondorioa zen. Ez zen gauza arin bat izan.

Orain, hil zarela jakitean, nahigabe handia hartu dut, baina, baita ere, itxaropen handi bat piztu da nigan. Zure bizitza betea izan da, eskaintza bat, eta honek bere fruituak dakartza, bai orain aldiari begira eta bai etorkizunari begira ere. Nire sinesmenetik ez da bizitza hori galdu, baizik bizitza betea bihurtu da.

Agur, Josetxo! Laster elkarrekin beste mahai inguru batean aurkitu arte. Nire sinesmenetik eta itxaropenetik hitz egiten dizut.

Euria ari du. Zaldibiako plazan, nor bere “guardasolpean”, bihotzak darrai aurresku dantzan. Josetxok jotzen du txistua. Ezin, ordea, bera ikusi.  Itxi baitu guardasola eguzki betean.