argia.eus
INPRIMATU
Guanyem Barcelona, herri mugimenduen ahots berria udal hauteskundeetarako
  • “Hiri ezberdin bat eraikitzea posible dela erakusteko ordua heldu da”. Helburu horrekin jaio da Guanyem Barcelona, Ada Colau - PAH Kaleratzerik Ez elkartearen bozeramaile ohiak bultzatutako plataforma herritar berria. Ekainaren 26an egingo dute publiko beren proiektua, eta 2015eko Bartzelonako udal hauteskundetara aurkezteko intentzioa dute.

Judith Perez @judyjudd 2014ko ekainaren 23a
Ada Colau "Kaletik hautesontzietara, hautetsontzietatik kalera" hitzaldian (argazkia: Mireia Carulla. eldiario.es)

30 lagunek sortu dute plataforma eta mundu akademikoko, herri mugimenduetako eta auzo-sareko jendea biltzen du. Diotenez, mugimendu sozialek agerian utzi dute herritarrek pairatzen duten iruzurra eta jendearen beharrei erantzuna emateko politika zaharraren ezintasuna. Horregatik hauteskundeetara aurkeztuko dira.

Alderdi politikoen arteko hauteskunde itunik ez dutela bilatzen adierazi dute, “benetako hautagaitza herritarra” izatea baizik. Horregatik herritarren ahalik eta parte-hartze handiena lortu nahi dute “liluratzen duen hautagaitza izateko, auzoetan, lanean eta kultura munduan presentzia duena, eta erakundeak jendearen mesederako eraldatzeko aukera emango diguna”.

Mugimendu sozialen logika bera erabiliz, udal-espazioetatik lor daitezkeen proposamen konkretuetan lan egiteko intentzioa dute: zinegotzien hautaketa zuzena, aurrekontuen gaineko kontrol soziala eta hiritar galdeketa lotesleak aipatzen dituzte, beste proposamenen artean.

Argitaratu duten manifestuan “demokrazia berreskuratzeko beharra” azpimarratzen dute: “Ezin dugu onartu etorkizunik gabe utziko gaituen blokeatze instituzionala. Inoiz baino gehiago indartu behar ditugu ehun soziala eta hiritarrek autogestionatutako espazioak”.

Guanyem Barcelonaren manifestu osoa bere webgunean irakur daiteke.

Bideo honen bitartez ere hautagaitza ezagutzera ematen ari dira.