argia.eus
INPRIMATU
Guantanamon, 100 egunez gose greban
  • Otsailean hasi zuten Guantanamoko presoek gose greba, eta dagoeneko 100 egun daramatzate. Abokatuek diotenez, bertan dauden 166 presoetatik 102 gutxienez daude baraualdian. Horietatik 30 indarrez elikatzen dituzte hodien bidez, eta hiru ospitalean daude. Egoeraren aurkako mundu mailako protesta gero eta ozenagoa da.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko maiatzaren 17a
Guantanamon, militar batzuk preso bat heltzen (argazkia: globovision.com)

Guardiek euren ondasun pertsonalak, tartean Koranak, kendu zizkieten unean hasi zioten jateari uko egiten. Baina ez da hori euren protestarako arrazoi bakarra: hamaika urte eta erdi daramatzate dagoeneko kartzelan, eta horietatik %90ari ez diete inongo kargurik leporatu, badaezpadako atxiloaldian daude.

Apirilaren 14ean, Afganistango Obaidullah presoaren abokatu Cindy Panucok Rt.com-i esan zionez, guardiek zenbait preso gela komunetatik indibidualetara aldatu zituzten. Aipatu zuten arrazoia, euren artean kontrabandoz armak lor zitzaten saihestea zen, baina abokatuaren ustez, atzean beste arrazoi bat zegoen: presoak isolatuz, gose-grebarekin jarrai ez zezaten lortzea.

Feroz Abbasi Guantanamoko preso ohiak guardiek psikologikoki nola torturatzen zuten azaldu zuen: “Kasualitatez, Irak bonbardatu zuten egun batean, 2003ko martxoa zela, gelaxka batean isolatu ninduten. Bertan mantendu ninduten bi urtez; eta horietatik sei hilabete, eguzkiaren argirik ikusi gabe”.

Barack Obamak maiatzaren hasieran esan zuenez, “Pentagonoa Guantanamoko egoerarekin zer egin pentsatzen ari da”.

Informazio gehiago:

Russia Todayk Guantanamoko gose grebaren 100. eguna zela eta egindako 10 minutuko albistea (ingelesez). Bertan, gertakizunaren hainbat arlo jorratzen dituzte. Barack Obama AEBetako presidentearen hitzez gain, Guantanamoko guardia ohi baten, preso ohi baten, presondegiko guardien bozeramailearen eta giza eskubideen aldeko aktibista baten deklarazioak ageri dira, zenbait irudi konprometituz gain.