AEBek Kuban daukaten Guantanamoko espetxea berreraiki egingo dute. 2019. urteko Pentagonoaren aurrekontuetan 68,96 milioi dolar aurreikusi dituzte. Kopuru hau herrialde hartako Kongresuak baieztatu behar duen arren, agerian geratzen da tortura zentro polemikoa ixtetik urrun daudela.
Azpiegitura berri honen helburua egun Guantanamon daukaten espetxea ordezkatzea izango da. Gaur egun inolako epaiketarik egin gabe 49 preso dauzkatela irakur daiteke Pagina 12 egunkarian, besteren artean, Jalid Sheij Mohammed 2001eko irailaren 11ko atentatuen ustezko buruetako bat.
"Egungo espetxea hondatuta dago eta honen ordez goi mailako beste atxiloketa zentro bat egiteko proposamena daukagu. Armadaren 2019ko aurrekontuetan partida bat sartu dugu, bere planifikazio eta diseinua egiteko", adierazi du Sarah Higgins, AEBetako Defentsa Departamentuko bozeramaleak.
Erabaki hau erabat kontrajarria da 2009. eta 2017. urte bitartean AEBetako presidente izan zen Barack Obamak esandakoarekin. Presidente kargua lortu berritan, adierazi zuen Guantanamoko espetxea ixteko asmoa zuela. Hala ere, zortzi urte agintean egin ostean, irekita jarraitzen du eta egun Donald Trump da presidentea.
Azken honek kargua hartzearekin batera ondorengoa adierazi zuen: "Iraganean modu txoroan terrorista arriskutsuak askatu izan ditugu eta gero gudu zelaian aurkitzen ditugu berriro (...). Defentsa idazkari Jim Mattisi zuzendutako agindu bat sinatu berri dut, eskatuz gure atxiloketa militarreko politika berraztertzeko eta Guantanamoko atxilotze zentroa irekita mantentzeko".
Guantanamoko presoak bizi baldintza txarretan daudela salatu izan dute mundu mailako erakunde ugarik. Espetxe honetara eramaten lehenbiziko presoetakoa izan zen Moath al-Alwi Yemengo herritarraren "Nire bizitza Guantanamon" idatzia ezagun egin zen. Presoek, hori salatzeko gose grebak ere egin izan dituzte eta indarrez elikatu zituzten.
Guantanamori zuzendutako ARGIAren kanalean informazio gehiago topatuko du irakurleak.