Bost urte dira Barack Obamak Guantanamoko atxiloketa gunea ixteko eskatu zuela, baina irekita jarraitzen du. 2009ko urtarrilean sinatu zuen AEBetako presidenteak Guantanamoren itxiera agindua eta urtebeteko epean gauzatua egon behar zuen.
Bien bitartean Guantanamoko presoek jasotzen dituzten tratu txarrak salatzen jarraitzen dute giza eskubideak defendatzen dituzten erakundeek.
Preso kopurua ez da publiko egin baina gaur egun 150 inguru daudela kalkulatzen da, horietako hainbat duela 12 urte giltzapetuak. Atxilo egondako gehienek ez dute inolako akusazio formalik eta bertatik pasa diren 800 presotatik %1ek baino ez du epaiketarik izan.
Al-Qaedako kide izatea egozten zaie gehienei. Munduko herrialde ugaritan atxilotu eta AEBk Kuban duen esparrura eramaten dituzte inplikatutako gobernuen baimenik gabe edota horiek inongo berririk izan gabe.
AEBetako gobernuak atxiloketa gunea Kubako lurraldeetan kokatua egotea baliatzen du legeak saihesteko. Esparruko militar buruak arautzen du bertako egoera.
Nazioartetik jasotako kritikak eta AEBen barruan sortutako polemikak ez du Guantanamo geldiarazi. Obamak ez du hauteskunde kanpainan hitz emandakoa bete eta horrek orbana utzi du giza eskubideen aldeko ekintzaileek berarengan zuten konfiantzan.
Informazio gehiago: "Nire bizitza Guantanamon". 2002an bertara preso eraman zuten Moath al-Alwi Yemengo herritarraren testigantzen pasarte batzuk.