argia.eus
INPRIMATU
Zaballako espetxean hildako Oroitz Herreroren senideak
“Gu horrela tratatu bagaituzte, zer ez dute egingo espetxe barruan”
  • Iragan astean Oroitz Herrero 26 urteko irundarra hilik aurkitu zuten Arabako Zaballa espetxeko bere ziegan. Eusko Jaurlaritzaren arabera “heriotza naturala” izan zen. Gaztearen senideek ARGIAri adierazi diote, ordea, Herrerori ez diotela arreta mediku egokirik eman berak hala eskatu arren, eta nahiz eta bihotzeko gaitzak izan hainbat medikamentu hartzen ari zela beharrezko kontrolik gabe. Behin Herrero hilda espetxeak eta Jaurlaritzak familiari eman dioten tratua ere salatu dute.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko otsailaren 14a

Heriotza salatzeko kontzentrazioa deitu du Arabako Salhaketa elkarteak astearte eguerdian Gasteizko Andre Mariaren plazan. Elkarteak gogoratu du bi urte direla Eusko Jaurlaritzak espetxeen eskumena hartu zuenetik, eta presondegian hiltzen den laugarren pertsona dela Herrero: hiru Zaballan, eta bat Donostiako Martutenen. Kontzentrazioan izan dira Irungo presoaren senideak, eta bertan hitz egin dute ARGIArekin.

Malkoei eusteko lanak izan ditu Oroitzen anaia Garikoitzek, heriotzaz geroztik bizi izan dutena azaltzeko orduan. "Ez dakigu ia ezer", errepikatu du hainbat aldiz, anaia hil zenetik astebetera. Otsailaren 6ko asteartean jaso zuen Garikoitzek espetxearen deia, eta apenas eman zioten daturik. “Goizean ez zela altxatu, bila joan zitzaizkiola ziegara, eta gorpua hilotz baina oraindik bero zegoela”. Astebete igarota, lehen unetik espetxetik eta Jaurlaritzatik jasotzen ari diren tratuaz minduta hitz egin du.

"Albaitariarengana joango banintz katuaren gorpua jasotzera, tratu hobea emango lidakete"

“Beti guk egon behar izan dugu haien atzetik, azalpenik ez, dena seguruarekin hitz egiteko eta horrelako komentarioak”, azaldu du. Hasierako bi egunetan ez zuten jakin gorpua non zegoen ere, “kaosa izan zen”. Gorpua autopsia egitera eraman zuten familiak ikusi aurretik. “Amaitu zutenean ez ziguten abisatu gorpua hartu genezakeenik jada, guk deitzean jakin genuen”. Heriotzatik bi egunera izan zen hori, “lau egunera deitu bagenu lau egunez egongo zen bertan”, dio anaiak.

Antzera mintzatu da beste senide bat (nahiago du izena ez eman), haserre. Espetxera hurbildu zen beste senide batzuekin batera, Oroitzen jabetzak jasotzera. Funtzionario batek eman zien dena poltsa batean. “’Tori’. Azalpenik ez, ‘sentitzen dugu’ bat ez, espetxearen izenean inor ez zen hurbildu zer moduz geunden galdetzera. Nola da posible? Albaitariarengana joango banintz katuaren gorpua jasotzera, tratu hobea emango lidakete". Espetxe mundua ezezaguna zaiola adierazi du, baina egunotako bizipenek hausnarketa piztu diote: “Gu horrela tratatu bagaituzte, zer ez dute egingo espetxe barruan”.

Autopsiaren emaitza “akaso” hilabete barru emango dietela esan diote familiari. “Ez dakigu ezer oraindik, itxoiteko eta itxoiteko, dena dira aitzakiak”, dio anaiak. Bitartean, “ez daukagu ezta hil denaren ziurtagiririk ere”. Trabak traba, eraman zuten azkenik Oroitzen gorpua Irunera, eta familian eman zioten agurra. “Gaizki gaude, ez dakigu ezta nola gauden ere".

Kontrolik gabe medikalizatua

Oroitzen osasun egoeraz eta espetxean eman dioten arretaz ere hitz egin dute Garikoitz anaiak eta beste senideak. Bihotzeko arazoak zituen Oroitzek, senideak azaldu du haurra zelarik bihotzeko ebakuntza egin ziotela, eta zirujia baten zain zegoela fistula baten harira. Apneak gehitu behar zaizkio horri. Zaballan egon aurretik Martutenen egon zen, eta, senidearen esanetan, gau batean hiltzear egon zen apneagatik. “Eskerrak ziegako kidea konturatu zen, baina hiru egun egin zituen koman”.

Profil hori izanda, espetxeak medikamentu piloa ematen ziola diote biek: fistula baten mina baretzeko boluntarioki hartzen zuen metadona dosia asko igo zioten, eta horrez gain, antsiolitikoak eta antidepresiboak. “Lo egitekoak, esnatzekoak... Koktel bat”, dio Garikoitzek, eta gehitu du azkenaldian geroz eta medikamentu fuerteagoak ematen zizkiotela.

"Ez badituzte apnea edo bihotzeko arazoak kontuan hartu eta pilulak eman badizkiote ume bati goxokiak bezala, erantzukizunen bat izango dute"

Denbora zeraman Oroitzek medikuarekin hitzordua eskatzen zituen minengatik, baina eman ordez medikamentuen dosiak areagotzen zizkiotela salatu du senideak, eta Oroitz horren kexu zela. "Ez badituzte apnea edo bihotzeko arazoak kontuan hartu eta pilulak eman badizkiote ume bati goxokiak bezala, erantzukizunen bat izango dute", dio. Presoen familien bitartez heldu zaie preso batzuek uste dutela pilulen ondoriozko arritmia batek-edo hil zuela, baina ez dute jakiterik. Hori bera salatu du senideak: “Ez badizute inongo azalpenik ematen, buruari bueltaka eta bueltaka hasten zara”.

Unerik okerrenean

Iraganean osasun mental eta droga kontsumo arazoak izan zituen Oroitzek. “Zer egiten du horrelako arazoak dituen pertsona batek espetxean?”, dio senideak. Edonola, familiaren esanetan azken hilabeteetan “oso ondo” zegoen. Heriotzaren aurreko igandean lagunak joan zitzaizkion bisitan, “esan ziguten oso ondo ikusi zutela, animo aldetik ondo, esaten zuen guztiak zentzua zuela”, azaldu du anaiak. Antza, espetxearen begietara ere ari zen bilakaera ona izaten, senideek ARGIAri adierazpenak egin dizkioten egunean bertan baitzuen Oroitzek bere lehenbiziko irteera programatua. “Esperantza handia genuen”, dio anaiak, oraindik ere gertatua asimilatu ezinik.