‘Gu’-aren inguruan marraztu du Tupust! kolektibo feministak bere hirugarren alea

  • Bildumako azken alea izango dela jakinarazi dute: lehenbizikoa Ni-ari buruzkoa izan zen, eta bigarrena Zu. Bigarren hura bezala, autoedizioan kaleratu du honakoa ere.

Ainara Azpiazu 'Axpi', Maite Gurrutxaga eta Maite Caballero, Donostian egin duten liburu aurkezpenean. (Argazkia: ARGIA / CC BY SA)

2024ko maiatzaren 03an - 13:15

Gu-tasunari buruz askotariko irakurketak eta ikusmoldeak plazara daitezke, eta horixe bera plasmatu du Tupust! kolektiboaren hirugarren lanak. Kontent agertu dira 23 lagunek egin dituzten 21 komikiekin eta bildumak jaso duen itxurarekin, hala azaldu dute kolektiboko kide Ainara Azpiazu Axpi, Maite Caballero eta Maite Gurrutxagak, Donostian egin dute aurkezpenean.

Biziki interesantea dela diote egile bakoitzak toki bat izatea bere lengoaia garatzeko, gu-ari buruzko irakurketak bere iruditegitik kontatzeko. Hitz idatzirik gabe kontatu dituzte zenbaitzuk; komikiaren narrazio tresnak modu klasikoago batean erabilita bestetzuk, zurrunago edota organikoago. Formatuen askotarikotasunak irakurlearengan inplikazio ezberdin bat eskatuko duela uste dute, horrek eragin dezakeelako modu batean edo bestean gerturatzea irakurlea komiki jakin batera, norberak topatuko baitu non geratu gehiago, zer bisitatu luzaroago eta, kontrara, zer pasatu biziago.

Liburuan haien lanak luzitu dituzten hainbat kolaboratzaile finkoak izan dira, batzuk errepikatu dute, baina beste batzuk ez. Dena den, guztiek abiapuntu bera izan dute: gu-ari buruz idaztea, norberak nahi zuen ikuspuntutik, gaia bere horretan askea delako; eta bigarren eskakizuna, more eta hori koloreak erabiltzea. Tinta horien zergatia, Azpiazuk azaldu du: “Osagarriak izatea nahi genuen, kolore ez argi eta ez ilunak, kontraste biziak eragin ditzaketenak, eta morean eta horiaren kasuan, tupust hitzarekin berarekin kontraste interesgarria egiten du”. Gero, norberak zenbait tonuren bilaketa egin du bi kolore horien barnean. Luzera aldetik ere askeak izan dira lanak, betiereko marjina inplizituaren barruan. Caballeroren esanetan, ilustratzaile batentzat formula horiek ez dira hain ohikoak lan egiterakoan, eta horri esker ere lan ederrak atera direla uste du.

Aurresalmentan erosten dutenek posterra eskuratuko dute

Gu-ari buruz idazteko manera ugari aurki daitezke liburuan, Gurrutxagak azaldu duenez: “Badira gu pertsona bakar gisa hartu duenik; edo emakume moduan, kolektibo gisa, proiektatu duenik; baita gu-az hitz egin duenik ere amarekin, amonarekin edo lagunekin; edota animali talde bat irudikatu duenik, Axpik azalean egin duen moduan”.

Kolektiboko kideak gustura geratu ote diren galdetuta, baietz esan dute: elkarteko kideek aurkitu dutela haien burua besteen lanetan islatuta. Aitortu dute orain arteko ale eta lan guztiekin eraman dutela espero gabeko sorpresarik.

Hirugarren alea, bildumako azkena

Tupust! kolektiboa 2016an sortu zuten hainbat emakumek, premiazko jotzen zutelako ikuspegi feminista komikigintzan txertatzea, tradizionalki komikien mundua gizonezkoen esparrua izan dela argudiatuta. 2019ko martxoan ikusi zuen argia beronen lehen zenbakiak, Ni-a gai gisa zuena eta espresuki hautaturiko berde-gorri koloreak gailentzen zitzaizkiona. Bigarren alea 2021eko abuztuan kaleratu zuten, Zu-ari buruzkoa, laranja eta urdina. Eta bilduma behin-betiko ixteko, hirugarren alea aurkeztu dute 2024ko maiatzean: Gu-a, ikuspuntu ugaritatik aztertuta, more eta horia. Beraien webgunean eros daiteke liburua, eta laster ipiniko dute liburu dendetan.

Ni, zu eta gu aztertuta, bilduma itxitzat jo dute kolektiboko kideek. Baina horrek ez du esan nahi kolektiboaren ibilbidea horretan amaituko denik. Duela kasik hamar urte elkartu izana bera aberasgarri bazen, orain elkarturik jarraitzea ere horrela ikusten dute.

Lehen alea Txalaparta argitaletxearekin kaleratu bazuten ere, hurrengo biak autoedizioan argitaratu dituzte. Kolektiboaren erronka potoloetako bat izan da, taldean badirelako ilustrazioaren munduan dabiltzan profesionalak, beste jardun batzuk tartekatuta lan artistikoak egin dituztenak, baina liburu baten prozesu osoa ezagutu gabe zeukaten bigarren alea kaleratu zutenean. Bigarrenetik hirugarrenera salto bat eman dute; aitortu dutenez, ikasgai interesgarria izan zaie zenbait gauza mekanizatzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Komikiak
2023-12-15 | ARGIA
'Ño' komikiaz solasaldia, gaur Bilboko La Sinsorga kulturgunean

Ño komikiaren testuen egile Miren Artetxe eta Eli Pagola, eta Maitane Gartziandia ilustratzailea Bilboko La Sinsorga kulturgune feministan (Askao Kalea, 9) izango dira gaur, arratsaldeko 19:00etan, haien lanaz hitz egiteko.


Euskarazko komikien HernaniKomik II. azoka

Azaroaren 17an eta 18an izango da, ostiralez eta larunbatez, Hernaniko Atsegindegi plazan


Mikroa eskuan eta irribarrea ezpainetan

Ño!
 

Testuak: Eli Pagola eta Miren Artetxe
Ilustrazioak: Maitane Gartziandia
Argia, 2023

------------------------------------------------------

Komikia hasi aurretik eta amaitu ondoren bai azal eta kontrazalean, bai tapa eta barruko tapetan informazio... [+]


2023-09-27 | ARGIA
‘Ño!’ komikiaren erakusketa inauguratuko dute ostegunean Hernanin

Maitane Gartziandia, Eli Pagola eta Miren Artetxe egileek komikiaren lan prozesua eta mamia azalduko dituzte Kulturarteko Plaza Feministan irailaren 28an, komikiaren marrazki originalez lagunduta. Urriaren 5ean Iruñeko Laban aurkeztuko dute beren lana egileek.


Eguneraketa berriak daude