argia.eus
INPRIMATU
Donostian Azora funts putreak erositako etxebizitzetan bi hilabete daramatzate “abusuzko” klausulei uko egiten
  • Donostiako auzokide horiek Saretxe Groseko Etxebizitza sindikatuarekin batera ari dira lanean, Azora enpresak Inmobiliaria Vascongadaren jabetzak erosi zituenetik pairatu dituzten arazoei konponbidea bilatzeko. "Klausula ilegalak" dira kexa nagusienetariko bat, eta horietako bati uko egitea erabaki dute. Jabeen partetik “mehatxuak” jaso dituztela adierazi dute, eta baldintza duinak lortzeko negoziaketa exijitu dute.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko uztailaren 10a

Donostiako Gros auzoko Azora funts putrearen jabetzako bizilagunek asteartean prentsaurrekoa eman dute, Inmobiliaria Vascongadaren egoitzaren aurrean, azken urteetan bizitzen ari diren egoera salatzeko. Izan ere, 2020. urtean Azora funts putreak Vascongadaren jabetzak erosi zituenetik, hainbat arazo izan dituzte. Aurten “gehiegikeriei aurre egiteko” Saretxerekin antolatzea erabaki dute, eta babes horri esker hainbat arazo konpontzea lortu dutela adierazi dute. Saretxek adierazi du Azorak “egungo bizilagunak kaleratu eta pisuen rebalorizazioaren bitartez aberasten jarraitzea helburu" duela.

Arazo nagusien artean, Saretxek eta bizilagunek zabaldutako adierazpenean hitzarmen berritze eza, mobbing inmobiliarioa, klausula ilegalak eta fiantzen lapurreta aipatu dituzte. Gainera, azken urtean sinatutako hitzarmenetan, “errentaren ustezko ordainketa eza estaltzeko asegurua” gehitu dute, “abusuzko klausula” kontsideratu duena Saretxek. Hori dela eta, bizilagunen “lehen pausoa asegurua pagatzeari uko egitea” izan da eta bi hilabete daramatzate greban klausula ordaindu gabe. Aseguru hori ordaintzea ez dela haien erantzukizuna eta “jabetzaren irabazi tasa bermatzeko erreminta besterik ez dela” ulertu dute bizilagunek.

Sindikatuak sare sozialen bitartez adierazi du bizilagunek borrokan jarraituko dutela “eraikinak konpondu arte, gehiegizko klausulak kendu arte, bizilagunen kaleratzeen aurka eta etxebizitzaren merkantilizazioa kentzearen alde”. Bizilagunak bizitzen ari diren egoera “jasanezina” konpontzeko, baldintza duinak lortzeko negoziaketa eskatu dute, Azora funts putrearekin edo hauen kudeaketa eramaten ari den Inmobiliaria Vascongadarekin. “Kapitalaren mesedetara jarduten duten instituzioen pasibotasunaren aurrean, antolakuntzaren alde pauso bat ematea dagokigu”, adierazi dute Saretxe sindikatuak eta bizilagunek.

Maizterren aurka, mehatxuak

Maizterrek adierazi dute telefono zenbaki ezberdinetatik mezuak jaso dituztela, haiek mehatxatu eta abiatu duten borroka “bertan behera uztea delarik helburua”, sindikatuak adierazi duenez. Egoera horrek eraman ditu hainbat bizilagun etxea uztera, sindikatuaren arabera. Inmobiliaria Vascongadak hainbat urtez “eraikinean zeuden konponketaz arduratzeaz utzi” ziola ere salatu dute.

Azoraren aurkako protesten aurrekariak

Ekainean Azora funts putrearen maizterrek protesta egin zuten, eta Donostia “lehenbailehen” udalerri tentsionatu izendatzea eskatzeko eta lau bizilagunen etxegabetzea geldiarazteko. Inquilinos de Azora, Alokairu Benta Berri eta Kaleratzeak Stop eragileek salatu zuten errenta ertain eta baxuak dituzten “milaka euskaldunentzat drama soziala” dela etxebizitza duin eta eskuragarria lortzea, jabe handiek bultzatutako alokairuen “prezio ordainezinengatik”.