Asteburua hertsirik pasa ostean Akitaniako Kontseiluaren egoitzan (Bordelen), astelehenean seigarren eguna du gose greban Dàvid Grosclaude militante eta politikari okzitandarrak. Blog pertsonalean "Cincau dia / Cinquième jour" (bostgarren eguna) postan azaldu du okzitanieraz eta frantsesez nola daraman protesta.
Iruñe Astizek "Gose greban okzitanierak jasaten dituen erasoak salatzeko" kronikan azaldua du zergatik eta zeren bila abiatu duen protesta hau Partit Occitan alderdiko kontseilariak, duela ehun urte arte hizkuntza indartsua izandako okzitanierari galbidetik ateratzeko neurri txikienak ere ukatzen zaizkiola salatzeko.
Blogean Grosclaudek eskertu du beste politikari okzitandar batek, Jean Lasallek, gose greba txukun burutzeko emandako laguntza. Biarnoko Aspe bailarako Lasalle famatua izan da Frantziako Estatuan gose greba eta protesta ugari egin izanagatik, Biarnoan bertan bezala Parisko legebiltzarrean, bere herrialdearen egoera salatu eta irtenbideak eskatzeko. Grosclaudek aurreratu du hainbat militante okzitaniar datorren asteazkenerako, ekainak 3, ari direla prestatzen manifestazio bat, gose grebaren aste betetzea baliatuz. Change.org-en ere hasi dute sinadura bilketa, Parisko gobernuaren gain presio egin nahian. Korsikako legebiltzarrak bere elkartasuna adierazi zio aho batez hizkuntzaren aldeko borrokan Grosclauderi.
Okzitaniera da historikoki Ipar Euskal Herriak mugakide eduki duen hizkuntza. Baionan errotulazioetan ageri da frantsesaren eta euskararen ondoan, bertako hizkuntza historikoa ere badelako. Eta mugako herrietako euskaldun askok ezagutu izan dute eta oraindik ere batzuek ezaguten dute, batzuek Landetako kaskoina eta beste batzuek biarnesa.