argia.eus
INPRIMATU
Greziarrak telebista publikorik gabe
  • Telebista publikoa itxi zuen atzo Greziako Gobernuak, bat-bateko lege dekretuz. Estatuak kudeatutako hedabiderik gabeko herrialde bakarra da orain, Europar Batasunean. Hiru hilabetez itxita mantenduko dute, erakundea “berregituratu” eta lan-taldea murrizteko.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko ekainaren 12a
(Argazkia: channelnewsasia.com )

2.000 langile kaleratuko dituzte 700 laguneko taldearekin berriro abiatzeko, hedabide lokalek gobernuaren iturriak aipatuz argitaratu dutenez. Kaleratzeek troikaren eskakizunei erantzungo liekete. Abuztu aurretik 2.000 funtzionario kaleratu behar ditu Greziak, eta 15.000 datorren urtea amaitu baino lehen.

Atzo arratsaldean iragarri zuen neurria Simos Kedikoglu gobernuaren bozeramaileak. Haren hitzetan, onartezina da Greziako Irrati-Telebistaren (ERT) “diru-xahutzea” eta telebista “modernoago” batengatik ordezkatuko dute. Emisio berria hasi bitartean herritarrek ez dute ERTra bideratutako kanona ordaindu beharko.

Demokrazia Berriak, Andonis Samaras presidentearen alderdiak, egin du telebista publikoa istearen alde. Urrezko Egunsentia alderdi neonaziak neurria txalotu du; Pasokek, Ezker Demokratikoak eta Syrizak aldiz, erabakia kritikatu dute. “Estatu-kolpetzat” jo du itxiera Alexis Tsipras Syrizako buruak.

Itxialdia egin dute langileek ERTren eraikin nagusian eta satelite zein internet bidezko emisoa mantentzen ari dira. Ehunka herritar bertaratu ziren atzo langileei haien elkartasuna adieraziz.