Asteazkenean, ekainak 17, aurkeztu du bere lehen txostena Greziaren zorraren auditoria egin duen batzorde bereziak. Edukiaren laburpena ATTAC erakundeak ingelesez aurreratu du: "Executive Summary of the report from the Debt Truth Committee". Asteazken goizean batzordeko kide ezagunenetakoa den Eric Toussaint belgikarrak parlamentuari aurkeztu dizkio lehen ondorioak, entzule zituela Tsypras eta gobernuko ministroak.
Martxoan sortu zuen Atenaseko parlamentuak Greziako eta mundu osoko adituz osatutako batzordea, ofizialki Greziaren Zorraren Egiaren batzordea deitzen dena eta erabaki behar duena ea herrialde horren zor erraldoiaren zain atal eta zenbat diruri dagozkienak dira ez onargarriak.
Toussaintek aurkeztu duen auditoriaren aurrerapen honetan, zortzigarren atalean zehaztu dituzte Greziak daukan zor itzelaren zein osagai jo behar diren ezin onartuzko. Nazioarteko Diru Funtsaren maileguak ez legitimotzat jo dituzte, ez NDFaren barne araudiak eta ez Greziako legeria aintzat hartu gabe onartutakoak direlako. Bigarrenik, Europako Banku Zentralaren maileguak ez legitimoak omen dira aurrez prestatutako ajuste programetan oinarritu zirelako eta Europako banku pribatuei Greziako zorretan zeuzkaten inbertsioak arintzeko antolatu zirelako. Hirugarrenik Europako Finantzen Egonkortasunerako Funtsarekin (European Financial Stability Fund EFSF) hitzartutako zorrak ere ez legezkoak dira batzordearentzako, Europaren barne araudiak eta Europan bezala Grezian oinarrizko giza eskubidetzat jotako legeak urratzen omen dituztelako. Orobat, azkenik, ez legezkoak omen dira itun bilateralen edo mailegu pribatuen bidez onartutako zorrak.
Azken pasarte honekin bukatzen da Zorraren Egiaren Batzordeak aurkeztu duen txostena:
Herritarren duintasunak balio handiagoa du ez legezkoa, ez legitimoa, gorrotagarria eta ezin jasana den zorrak baino
Ikerketaren lehen zatia bukaturik, Batzordeak uste du Grezia izan dela eta oraindik ere dela Nazioarteko Diru Funtsak, Europako Banku Zentralak eta Europako Batzordeak aurretik pentsatu eta antolatutako eraso baten biktima. Lan bortitz, ilegal eta inmoral horren helburu bakarra zen zor pribatuak sektore publikora pasatzea.
Lehen txosten hau Greziako agintarie eta herritar greziarren esku jarrita, Batzordeak uste du bere lanaren lehen partea bete duela, 2015eko apirilaren 4an Parlamentuko presidenteak agindu bezala. Batzordeak espero du txostena baliagarri izatea nahi dutenei austeritatearen logika suntsikorretik atera eta eustea oraindik arriskuan dagoenari: giza eskubideei, demokraziari, herritarren duintasunari eta ondorengo belaunaldien etorkizunari.
Neurri bidegabe horiek inposatzen dituzten horiei, Greziako herriak erantzun diezaieke Tukididesek Atenasko jendeen konstituzioaz esan zuenarekin: "Izenari dagokionez, demokrazia deitzen zaio, zeren eta administrazioa eramaten baita pentsatuz gehienen interesetan eta ez gutxi batzuenetan" (Periklesen Hileta Otoitza, Tukididesek 'Peloponesoko Gerren Historia'n bildua).
[P.S.] ELA sindikatuak zabaldu duenez, Zorraren Egiaren Batzordearen aurkezpen bilkuran, Atenasko Parlamentuan, Mikel Noval sindikalista euskalduna ere mintzatu da.