Lau egun igaroko dituzte Tesalonikan, No Borders ekimenaren baitan. “Giza eskubideak lohitzen ari diren migrazio politikekiko desobedientzia” aldarrikatu dute.
“Zubiak ezarri behar dira, hesiak beharrean. Elkarbizitza, elkartasuna, pertsonen eta herrien arteko lotura; horiexek dira gure aukerak. Kezkatuta gaude gizaki horien sufrimenduarekin”. Errefuxiatu eta migranteen eskubideen alde egiteko, Greziara abiatu dira Euskal Herriko 121 lagun “Karabana Greziara: mugak zabalduz” ekimenaren baitan.
Lehendabizi, Espainiar Estatuko gainontzeko kideekin elkartuko dira Bartzelonan. Larunbatean ekingo diote Tesalonikarako bidaiari, eta hara iritsi bitartean, protesta ekintzak burutuko dituzte egungo mugen aurka. Behin Grezian, No Borders ekimenean parte hartuko dute beste herrialdeetako aktibistekin. Besteak beste, gobernuei eskainiko dizkiete euren autobusak, “gure kontinentean babes eta duintasun bila dabiltzan pertsonek beren eskubideak bermatuta gurera etortzeko aukera izan dezaten”.
“Tragedia honi amaiera emateko aktiboki eta irmoki” jokatzeko beharra azpimarratu dute. Hala, hamalau puntuko eskaera bat luzatuko diete Europako gobernuei. Eskaeren artean dago EB-Turkia akordioa eta Dublingo araudia baliogabetzea, “giza eskubideak urratzen dituztelako”. Mediterraneo itsasorako “larrialdiko salbamendu plana” eta errefuxiatu eta migranteentzat “bide legal eta seguruak” ezartzea ere exijituko dute Tesalonikan.
Espainiako Gobernuari dagokionez, bertan asilo eskaera egin dutenak “birkokatzeko eta birfinkatzeko konpromisoak bete ditzan” nahi dute karabanako kideek. Euren esanetan, gobernua “lotsagabeki” jokatzen ari da, konpromiso horiek bete gabe utziz. Ceuta eta Melillako mugetan Nazioarteko Babeserako Bulegoak irekitzea galdegingo diote Mariano Rajoyri, eta baita bertako kontzertinak kentzeko ere.
Greziara abiatu aurretik, ekimenaren Iruñeko kideei harrera egin die bertako udalak.