argia.eus
INPRIMATU
Greziar hauteskundeetan inkestek berdinketa aurreikusten dute
  • Igandean hauteskundeak izango dira Grezian. Vaigelis Meimarakis Demokrazia Berriaren hautagaia, eta Alexis Tsipras Syrizako buruzagiaren arteko berdinketa aurreikusten dute. ANT1 telebista kate pribatuko estatistikek %31,6ko indarra ematen diete bi alderdiei. Abstentzio handia iragartzen da.

Martin Mendizabal Garai @mendigarai 2015eko irailaren 18a
Tsipras eta Meimarakisen arteko hauteskunde aurreko eztabaidan Syrizako buruzagiak korrupzio kasuak leporatu zizkion Demokrazia Berriko hautagaiari (Argazkia: Politico)

Herritarrek zalantza asko dauzkate: %10 edo %15ak ez du oraindik bere bozka erabaki, zenbait iturriren arabera. Portzentaia hori erabakigarria izango da.

Europar Batasuneko hartzekodunekin eginiko arrakastarik gabeko elkarrizketek eta Syriza alderdiak  Troikaren hirugarren erreskatea sinatzeak haustura eragin dute Syrizan. Tsiprasen alderdiko zenbait buruzagik Herri Batasuna alderdia sortu zuten, eta eurotik ateratzea nahi dute. Alderdi berriak %5etik beherako babesa edukiko luke.

Meimarakis Tsiprasen errefuxiatu politikaren aurka

Joan den astelehenean Demokrazia Berria eta Syrizako buruzagiek telebistan egindako eztabaidan errefuxiatu krisia hizpide eduki zuten, besteak beste.

Azken urteetan Meimarakisen alderdiak errefuxiatuekiko zuen jarrera moderatua utzi eta diskurtso ultrakontserbadorera itzuli da: buruzagi kontserbadoreak Tsiprasi etorkinei mugak irekitzea leporatu dio. Syrizako buruzagiak Siriako gerra zibila kontu globala dela erantzun dio.

Europarako B plana

Yanis Varoufakis Greziako Finantza ministro ohia, Oskar Lafontaine, Die Linke alderdi ezkertiar alemaniarreko sortzaileetakoa eta Jean-Luc Mélenchon europarlamentari frantziarrak Europarako B Plan baten alde agirian diotenez, “ezkerrari bere plan propioa edukitzeko ordua iritsi zaio”.

Plana aurrera eramateko Europako herrialdeen inplikazioa eskatu dute: "Denon artean landu behar dugu B plana, herrialde bakoitzaren ezaugarri bereziak kontutan edukiko dituena".