argia.eus
INPRIMATU
Grezian kanpamentuak berrogeialdian; Italiak erreskate ontzien porturatzea debekatu du
  • Koronabirusak errefuxiatuen drama areagotu du. Greziako gobernuak bi kanpamentu berrogeialdian jarri ditu, kutsadura kasuak identifikatu ostean. Italiako Gobernuak itsasoan erreskate lanean ari diren itsasontziei porturatzea debekatu die, errefuxiatuentzako ez dela “segurua” argudiatuta.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 08a
Greziako errefuxiatuen kanpamentu bat. Argazkia: ACNUR/Achilleas Zavallis.

Greziako Gobernuak baieztatu egin du Atenas Iparraldeko bi kanpamentuetan koronabirusak kutsatutako pertsonen 28 kasu atzeman dituela. Berrogeialdian jarri ditu bi kanpalekuak. Errefuxiatuekin lanean ari diren pertsona eta elkarteak aspaldi ari dira ohartarazten koronabirusaren gaitzak egoera dramatikoak sortu ditzakeela errefuxiatuen kanpamentuetan. Beharrezko segurtasun neurriak hartzea ezinezkoa da, besteak beste masifikazioa handia delako, eta higiene baldintzak eskasak. Neurriak hartzea exijitu diote gobernuari, momentuz gertatu ez dena.

Berrogeialdian jarritako kanpamentuaren harira, Lesbosen lanean ari den Mugarik Gabeko Medikuak elkarteko Marco Sendronek salatu du koronabirusa Egeoko irletako kanpalekuetara heltzea tragedia litzatekeela. Dozenaka mila errefuxiatu ari da bertan bizirauten. “Nola eskatuko diozu kanpin denda batean bizi denari gela batean bakartzeko? Nola eskatuko diozu jendearekin kontaktua ekiditeko jateko edo komunera joateko jendez betetako ilara bat egin behar duenari? Nola eska diezaiokezu haur bati edo haurdun dagoen emakume bati bere higiene maila handitzeko, ez badago nahikoa komun, dutxa edo ur punturik?", galdetu du Sandronek.

Italian, porturatzerik ez

Hain zuzen ere, errefuxiatuen osasunaren izenean argudiatu du Italiako Gobernuak itsasoan erreskatatuak diren errefuxiatuei lehorreratzeko debekua. Dekretu baten bidez ezarri du debekua gobernuak. “Osasun larrialdiak irauten duen bitartean, ezin dira oinarrizko baldintzak bermatu”, adierazi dute gobernuko ordezkariek. Une Sea Eye gobernuz kanpoko erakundearen itsasontzi bat lehorreratzeko portu baten zain dago Italiako kosta inguruan, 150 errefuxiaturekin.