argia.eus
INPRIMATU
Grezian ‘korralitoa’, erreferenduma... baina oraindik uztailaren 1a arteko astia
  • Ekainaren 30eko, asteartea, gauerdian amaituko da Europako aginte faktikoen (Nazioarteko Diru Funtsa, Europako Batzordea, Europako Banku Zentrala) eta Greziako gobernuaren artean zorraren inguruko adostasun batera iristeko epea. "Baina zertan dago Greziakoa?" irrikizioz galdetzen duen irakurleak asteotako film korapilatsuaren atal honen amaiera ezingo du ezagutu uztailaren lehena artio. 

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2015eko ekainaren 29a
Greziako lehen ministro Alexis Tsipras telebistaz herritarrei uztailaren 5erako erreferenduma iragartzen. (Argazkia: ERT)

San Pedro egunaren, ekainak 29, goizaldetik korralitoa dago Grezian, gutxienez igandea arte, uztailak 5, orduan erabakiko baitute Greziako herritarrek ea onartzen duten ala gaitzesten Europako Troikak Atenasko gobernuari ezarri nahi dion memorandum berria. Bi datu nagusiok -korralitoa eta erreferenduma- hirugarren xehetasunaren mende daude, ordea: ekainaren 30aren gauerdia arte daukate Troikak eta Atenasek negoziatzeko astia. Eta bi eguneko epe horretan ia edozer gerta liteke, baita adostasun berri eta onargarri batera iristea ere. Igandean hedabide nagusiek Grezia amildegira doala titulatu zuten moduan -Espainian nork agindu ote die egunkari nagusiei lehen orrietan 'abismo' hitza sartzea?- astelehenean Europako burtsak erortzen eta Espainia bezalako herrialde periferikoetako zorraren saria berotzen hasi baitira. Ez dira greziarrak izanen odoldutako bakarrak.

Joan den astean kasik lotuta zirudien akordioa. Ekainaren 21an ARGIAk azaldu zuenaren kontra -Greziak segitu ditzakeela Ekuadorren urratsak NDFarekiko zorraren pagatzea eten eta zor itzel osoaren ordainketa berregituratzea probokatuz- biharamunean Tsiprasek eta Europako agintari politikoek adostasuna lortu zutela ematen zuen. Politikarien arteko broma lasaien argazki hura ulertu zuten askok seinaletzat, batzuen ustez Alexis Tsiprasek Troikari amen esan zielakoan, besteen aburuz tratu on bat lortua zutelakoan. Ondoren katean etorri dira NDFk ez onartzea itunaren puntu garrantzitsuetako batzuk, larunbatean itunaren aldaketen inguruan ados ez jartzea, erreferendumaren deia eta korralitoa.

2008an mendebalde osoan eta tartean Europan lehertutako krisitzarra ez da trauma larririk gabe gainditzekoa. Beroaldi ekonomiko luzean Europako banku pribatuek Grezian -Espainian, Italian eta besteetan bezala- egindako zor izugarriak gero zor publiko bihurtu dituzte. Europako instituzioek bankuak salbatu dituzte eta herritarrak zorpetu urte luzetarako. Orain jokoan dagoena da ea nork nola irentsi behar dituen pagatu ezinezko zor handi horien zati handi batzuk betirako barkatzea.

Eguneroko burrunba eta espekulazioen artean inork behartuz gero Greziakoaz bustitzera, kazetari honek kafe bat jokatuko luke aipatu Ekuadorreko hipotesiaren alde. Hipotesi horren inguruan ulertu daitezke asteotako mugimendu guztiak. Ez Europan eta ez Grezian ez da erraz irenstea hipotesi hori, baina horrelako zerbaitek esplikatu dezake alde batetik Syrizaren determinazioa negoziazioetan lerro gorriei eusten, eta bestetik Europako Banku Zentralak eta Europako Batzordeak jokaldia errotik moztu nahi ez izana (aldiz Nazioarteko Diru Funtsa ari da erakusten neoliberalismoaren aurpegirik zital eta bihotzgabeena). 

Korralitoa Europan? Beren buruak europartzat dauzkaten argentinarrek ere ezin zuten sinetsi berei egokitu zitzaienean. Greziako gertakizunei ondo begira diezaiegun Espainiako monarkiaren morroi-neskameok.