argia.eus
INPRIMATU
Greziako Poliziak beste hiru eraikin hustu ditu, ehundaka errefuxiatu kaleratuz
  • Ostegunetik astelehenera bitartean, hirurehundik gora migratzaile kanporatu dituzte beren bizilekuetatik. Exarchiako auzotarrek erresistentzian diraute, eta ostiralean abuztuan hustutako Spirou Trikoupi 17 eraikina berreskuratu dute sinbolikoki.

Amaia Lekunberri Ansola 2019ko irailaren 23a
Eraikinetatik kanporatutako jendea, poliziaren furgoietan (Argazkia: Savvas Karmaniolas)

ND Demokrazia Berriak, hauteskunde kanpainatik iragarritako egikaritzeari ekin zion gobernura iritsi eta gutxira: Atenaseko Exarchia auzoaren hustea. Abuztuaren 26an indarrez sartu zen polizia auzoan, okupatutako hainbat eraikin hustu eta ehundik gora errefuxiatu kaleratuz. Ordutik hilabete igaro ez den honetan, poliziak eraikin gehiagoren kontra eraso egin du, hirurehundik gora migratzaile kale gorrian utziz eta poliziaren furgoietan eramanez.

Ia hilabete lehenago ekindako bide berean, irailaren 19ko ostegunean ekin zion poliziak okupatutako eraikin gehiago husteari. Oraingo honetan, erasoa Exarchia auzoan bertan egikaritu ordez, auzotik gertu, mendebaldera dauden bi eraikinetan burutu zuten. Goizaldean, Acharnon kaleko Jasmine eraikinean eta Sourmeli kaleko beste batean sartu zen polizia, bertan bizi zirenak kanporatuz. Abuztuaren 26an nola, poliziaren operazio honetan ere kolektibo jakin bat atera zen kaltetua: errefuxiatuena. Yannis eta Maud Youlountasek alasbarricadas.org bidez emandako informazioaren arabera, 230 errefuxiatu kaleratu zituzten, horietatik 70 adin txikikoak.

“Okupatutako eraikin hauetan bereziki familiei ematen zitzaien ostatu, Estatuak eta Europar Batasunak sortutako akanpaleku lotsagarrien alternatibak eskaini asmoz, GKEekin kolaboratuz kudeatzen dituztenak eta baldintza oso txarrak dituztenak: gainpopulazioa, elikagai txarrak, higiene katastrofikoa, tenperatura aldaketetara esposizioa, umiliazioak…”, Youlountasek azaldutakoaren arabera.

Hiru egunen buruan, beste eraikin bat husteari ekin diote. Irailaren 23ko astelehenean, behinola irakaskuntza zentroa izandako eraikina hustu dute, zeina abandonatuta egon ostean, errefuxiatuen krisiaren testuinguruan okupatu zuten. Lau urte zeramatzan jendeak Exarchia auzoaren hego-ekialdean kokatutako guneari erabilera ematen. 2016ko martxotik sukaldaritza oinarri duen Mano Aperta talde solidarioaren egoitza ere bazen eraikina, eta huste posible bati beldurrez, orain astebete inguru beren tresna guztiak atera zituzten eraikinetik, edozer gertatuta ere beharra dutenentzat sukaldatzen jarraitu ahal izatea bermatzeko. Hustearekin, poliziak 130 pertsona kanporatu zituen bertatik, hauek ere migratzaileak.

 

Aurrekoetan salatu dutenez, identifikatuak izan ostean, kaleratuak baldintza negargarriak dituzten akanpalekuetara bideratzen dituzte, eta asko deportazio arriskuan egotera igarotzen dira. Hainbat iturrik jakitera eman dutenez, huste hauetan etxerik gabe geratu diren errefuxiatuak Korinton ireki berri duten akanpalekura bideratuko dituzte. Hala dio, besteak beste, Damian Mac Con Uladh kazetariak:

 

Askok azpimarratu dutenez, uda atzean utzi ahala, egoera nabarmen kaskartuko da akanpalekuan.

Atenaseko droga eta arma trafikoak Exarchia dutela jatorri, hori izan zen auzoan indarrez sartzeko gobernuak erabili zuen aitzakia. Argudio horrekin, beren arabera drogak, armak eta borrokarako materiala aurkitzeko, okupatutako eraikinen hustutzeak iragarri eta burutu dituzte. “Drogen eskuadroiek bilaketak eginagatik ere” huste bakar batean ere ez dute ez armarik ez drogarik aurkitu, Youluntasek azaldu duenez.

Mitsotakisen garbiketa plana, ez uste bezain emankorra

Kyriakos Mitsotakisek, oraindik hautagai zela, Exarchia garbitzeko bere asmoen berri eman zuen, eta azken egunotako esku hartze polizialek asmo horri jarraitzen ziotela ageriko egin da poliziak herritarrei emandako zenbait erantzunekin. Sarean irakur daitekeenez, osteguneko husteak burutu asmoz kalea itxi zuen poliziak, eta jendeak ixtearen arrazoiez galdetzerakoan “garbiketan ari garelako” bezalako erantzunak entzuten ziren polizien ahoetatik:

 

Gobernuburuaren asmoak, baina, ez dira arrakastaz gauzatzen ari Youlountasek azaldu duenez. Osteguneko husteen ostean zioenez, Exarchia auzoko 23 eraikin okupatuetik lau besterik ez dituzte hustu, eta inguruetako 26etatik bi besterik ez. Asteleheneko operazio polizialak eraikin hutsen zerrendara beste bat gehitu badu ere, balantzak auzotarren alde egoten jarraitzen du. “Oraingoz, Mitsotakis ez da ausartzen Exarcheiako bihotzeko gune okupatu printzipalei eraso egiten, bereziki Notara 26 eta K*Vox eraikinei. Baina ‘Exarchia garbitzeko’ bere gurari eusten dio, Europako boterea artegatzen duen esperientzia politiko eta sozial berdingabea ezabatzeko”, azaldu du Youlountasek. Eta ondokoa gehitu: “Atenaseko auzo libertarioaren aurrean, eskuineko gobernuaren erabateko porrota da”.

Egoera hau izanik, gobernu berria “aurpegia garbitu nahirik” dabil Youlountasen arabera, eta abuztuaren 26an auzoan sartu zirenetik poliziaren presentzia etengabekoa da kalean, ordutik mobilizazioak etengabekoak baitira. Erresistentzia jardunean dihardu auzoak, eta jardun horretan, irailaren 20ko ostiralean, abuztuan poliziak hustutako Spirou Trikoupi 17 eraikina berreskuratu eta sinbolikoki okupatu zuten. Eraikinaren okupazioaren hirugarren urteurrena zela probestuz, hau inoiz hustu izan ez balute legez, urteurren afari herrikoia egin zuten auzoko plazan. Ospizunaz baliatuz, polizia musu-huts utzi eta adreiluz itxitako eraikinean barneratzea lortu zuten. “No pasarán” (gaztelerazko lema darabilte, “ez dira pasako” euskaraz) zioen pankarta bat zintzilikatu zuten, eta ostean berriz kalera irten ziren.

 

Mezua argi helarazi zuten komunikatu bidez: “Trikoupiren hirugarren urteurrenak desalojo egoeran harrapatu gaitu, baina oraindik ere bizirik eta indartsu, geure uste eta printzipioen alde borrokan. Elkartasun afari kolektiboa antolatu dugu plazan adierazteko Trikoupi eraikin bat baino gehiago zela. Ideia bat izan zen eta jarraitzen du izaten! Komunitate bizi eta aktiboa!”.