argia.eus
INPRIMATU
Greziako langileak greban 25.000 funtzionarioren kaleratzeagatik
  • Funtzionarioak kaleratzearen aurkako hainbat greba abiatu dituzte Greziako langileek astelehen honetan. Troikak hala gomendatuta, abenduaren 31 baino lehen 25.000 langile publiko kaleratze arriskuan jarriko ditu Antonis Samarasek zuzendutako Gobernuak.

ARGIA @argia 2013ko irailaren 17a

Hainbat sektoretan izango dute eragina lanuzteek. Bigarren hezkuntzako irakasleek, unibertsitateko administrazio langileek eta Gizarte Segurantzakoek bost eguneko grebaldia egingo dute. Ospitale publikoetako medikuek aldiz, hiru egunez utziko diote lan egiteari, 58 erietxe itxi izana eta material falta salatzeko. Horrez gain, asteazkenerako sektore publiko osoaren 48 orduko greba iragarri du ADEDY sindikatuak.

Greba deialdiak ez die enplegatu publikoei soilik eragin. Astelehenean saltokiak ixteko deia egin zuen Greziako Enpresa Txikien Elkarteak. Yorgos Kazavas elkarteko presidentearen arabera, jarraipena handia izan zen Grezian, Atenasen “eskasa” izan bazen ere.

‘Lan erreserba’

Greziako Gobernuak ez ditu langileak zuzenean kaleratuko. Lehenik eta behin, 25.000 funtzionarioak ‘lan erreserban’ kokatuko ditu, eta zortzi hilabetez soldataren %75 jasoko dute. Epe hori amaitzean, beste lanpostu publiko batean kokatu ez dituzten langileak langabezian geratuko dira.