argia.eus
INPRIMATU
Greziako kostazainen bertsioa zalantzan jarri dute
  • BBCk jaso duenez, asteazken goizean itsasontzia ez zen mugitu azken zazpi orduetan; kostazainek esan zutenaren arabera, ordu horietan Italiara bidean zihoan itsasontzia. Bederatzi atxilotuek gaur fiskaltzaren aurrean deklaratu beharko dute.

Ilargi Manzanares 2023ko ekainaren 20a
Hondoratutako itsasontzia, gauez. Argazkia: Greziako Kostazaintza.

700 migratzaile inguru eramaten zituen hondoratutako ontziaren harira, Greziako kostazainek zabaldutako bertsioa zalantzan jarri du Erresuma Batuko BBCk. BBCren informazioaren arabera, hondoratu aurreko azkeneko zazpi orduetan ontzia ez zela mugitu esan dute haren inguruan ibili ziren itsasontziak. Kostazainen bertsioaren arabera, Italiara bidean zihoan itsasontzia, eta Greziak eskainitako laguntza ukatu zuten.

Berriak jaso dituen Greziako agintarien hitzetan, migratzaileek ez zutela laguntzarik eskatu diote, eta “arriskurik ez zutela”. Marine Traffic itsas analisirako plataformaren bidez BBCk ontziaren mugimenduaren jarraipena egin du. Mugimendua atzematen da, baina azkeneko zazpi ordutan “itsas mila gutxi batzuk” bakarrik mugitu zirela ikusi daiteke, Mediterraneo itsasoko haize eta olatuen ondorioz.

Nawal Soufi aktibista ontziko migratzaileekin kontaktuan zegoen. Astearteko 10:00etan abisatu zien egoera kritikoaz Italiari, Greziari eta Maltari. Soufi-rekin kontaktua zuten migratzaileek egoera kritikoa deskribatu zuten, hainbat hildako zeuden itsasontzian. Lucky Sailor ontziak janaria eta ura eman zizkien, Greziako Kostazaintzarekin elkarlanean.

Asteartean, migratzaileen ontziaren motorra geldirik zuen bitartean, hainbat itsasontzi pasa ziren inguruan. Faithful Warrior itsasontziak egindako bideoa eskuratu du BBCk, eta bertan astearteko 18:00 aldera ontzia geldirik ikusten da. Iluntzean, 19:40 eta 22:40 aldera, Greziaren hitzetan, “norabide eta abiadura egonkorra” zuela ontziak esan dute. Hala ere, Atenasek kaleratu dituen irudietan migratzaileen ontzia ez zela mugitzen ikusten da.

00:00 aldera, Greziako Kostazaintzako ontzi bat gerturatu zela esan dute Greziako hedabideak. Migratzaileek laguntza ukatu zutela esan du ontzi horretako kapitainak. Laguntzeko asmoarekin sokekin lotu zutela itsasontzia esan du, baina migratzaileek laguntza ukatu eta sokak kendu zituztela, eta motorra martxan jartzen saiatu zirela. Nawal Soufi-ren arabera, sokekin migratzaileak beldurtu zituzten, itsasontzia irauliko zutelakoan, ez zekitelako “ea erreskatatzeko operazioa zen ala beraien bizitza arriskuan jartzeko”. 01:40 inguru, minutu batean hondoratu zen ontzia, eta erreskate taldeak mugitzen hasi ziren.