argia.eus
INPRIMATU
Itsaso zabalean migranteak ontzitik botata ito dituzte Greziako kostazainek, BBCren arabera
  • Ekainaren 16an Britainia Handiko BBC telebista kateak publiko egin duenez, Greziatik Europara joan nahi zuten pertsonak modu basatian hil izan dituztela frogatzen duten lekukotasunak bildu dituzte. Greziako uretatik irten eta brankatik behera itsasora bota dituzten bederatzi kasu publiko egin dituzte.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2024ko ekainaren 17a

Lekukotza gogorrak bildu dituzte BBCko Lucile Smith eta Ben Steele ikerketa kazetariek: “Bi pertsona bota zituzten ontzitik eta nola ito ziren ikusi genuen, gero ni bota ninduten”; “bizkarrean lotu zizkidaten eskuak eta itsasora bota ninduten, zorionez esku bat askatzea lortu nuen, baina gure taldeko hiru pertsona ito ziren”, “nire familiakook airez puztutako ontzi batean sartu gintuzten itsaso erdian eta balbula ez zegoen ongi itxia, berehala hasi ginen urperatzen, ikusten gintuzten, eta hor utzi gintuzten (...) zortzi haur hil ziren”.

Greziako kostazainen legez kanpoko praktika kriminalak salatzen dituzten 40 lekukotza bildu ditu BBCk, eta horietatik bederatzik adierazi dute brankatik behera bota zituztela, batzuek, eskuak lotuta.

Europara heldu nahian beren herrialdeetatik ihesi, iaz Greziara 41.561 pertsona iritsi ziren. Greziako mugazainen bortizkeria eta legez kanpo jendea bueltan Turkiara eramaten dutela salatu dute ehunka aldiz GKE-ek. Greziako Gobernuak ukatu egiten du praktika hori erabiltzea.

Orain, ordea, lekuko zuzenek salatu dute itsasora bota izan dituztela ito asmoz. Greziako agintariek, kazetaritza informazio horien aurrean, ikerketa abiatu dutela esan dute.