argia.eus
INPRIMATU
Greziako hamalau aireportu Alemaniaren esku geldituko dira
  • Asteartean sinatutako ebazpenaren arabera, Fraport enpresa alemanak kudeatuko ditu Greziako hamalau aireportu, tartean Salonika hirikoa. Syriza eta Greziar Independenteen Gobernuak erreskate plana sinatu zutenetik lehen pribatizazioa izango da.1.200 milioi euroko balioa izango du.

Martin Mendizabal Garai @mendigarai 2015eko abuztuaren 19a
Greziako bigarren hiri handiena den Tesalonikako aireportuaren gestioa esku alemanetara pasako da (Argazkia: Faz)

Eurotaldearen zenbait iturriren arabera, Greziari ezarriko zaizkion pribatizazio neurriak 50.000 milioi euroko balioa izango dute.

Joan den ostiralean Eurotaldeak Greziaren 86.000 milioi euroko erreskatea onartu zuen Bruselan. Europako Batzordeak uste du  erreskatean diru gutxiagoko inbertituko dutela.

Salonikako aireportuaz gain Kavala –ipar-ekialdean–; Corfu eta Zante –Itsaso Jonikoko bi irla–; Canea eta Cefalonia –Kretako irlan–; Aktion –herrialdearen mendebaldean–; eta Rodas, Kos, Samos, Mitilene, Mikonos, Santorini eta Skiathoseko aireportuak – guzti hauek Egeo Itsasoan –, izango dira Fraporten esku geldituko direnak.

Iaz Fraport enpresak eta Copelouzos konpainia greziar energetikoak egin zuten akordioaren arabera, 330 milioi euro inbertituko dituzte aireportuak hobetzeko eta beste 1.400 milioi datozen 40 urteetan.

Erreskate planaren inguruko bozketa Alemanian

Alemaniako Parlamentu Bundestagean izango da asteazkenean hirugarren erreskatearen inguruko bozketa. 86.000 milioi euro – horietatik 23.200 milioi Alemaniak ordainduko ditu – jasoko ditu Greziak, erreforma eta murrizketa  fiskal gogorren truke.

Varoufakis akordioaren aurka

Yanis Varoufakis, Syrizako Gobernuko Finantza Ministro ohiak,  Eurotaldeak Greziako erreskaterako sinatutako MoU akordioaren aurkako hitz gogorrak esan ditu.

Eurotaldeak sinatutako txostena natura kolonialekoa eta Greziaren aurkako mendekua dela salatu du. Herrialdea beste sei urteko zorretara kondenatuko duela gaineratu du Varoufakisek.