Kyriakos Mitsotakisen administrazioak errefuxiatu estatusa aitortua zutenei egoiliar baimena sei hilabetetik bakar batera murriztu die. Familia ugari “kale gorrian” geratzeko arriskuan daudela salatu dute errefuxiatuek.
Gaur egin ditu Greziako gobernuak dozenaka familiren aurkako lehen desalojoak. Aurreikuspenen arabera, hilabete amaierarako 11.200 lagun kaleratuko dituzte. Kanporaketa berez apirilerako prestatuta zegoen arren, COVID-19 epidemiaren ondorioz baino ez zuten atzeratu errefuxiatuen zoria.
Legealdi berriarekin batera, egoiliar baimena eta apartamentua izateko eskubidea hilabetera mugatu du Kyriakos Mitsotakisen gobernuak. Syrizaren gobernuarekin sei hilabetekoa zen Estatuaren tutoretzapeko egoitzan egoteko epea. Hala ere, egonaldiotan errefuxiatuentzat laguntza sozialak eskuratzea "oso zaila" dela ohartarazi dute Gobernuz Kanpoko Erakundeetako iturriek, izan ere, grezieraz mintzatzen ez dakitenek hamaika oztopo topatzen dituzte "burokrazian zehar aurrera egiteko".
Oraintsu arte, sei hilabeterarte mantendu izan den laguntza ez da errefuxiatu guztiengana heltzen ordea. Atenasko Victoria eta Omonia auzoak ostatu dituzten hainbat kidek, adibidez, modu irregularrean urteak igarotzen dituzte bisa eskuratzeko zain. Bitartean, erabateko bazterketa egoeran aurkitzen dira, lanpostua topatzeko aukerarik gabe, besteak beste. Horien artean, familiarik gabe bakarrik bidaiatzen duten gazte ugari daude, etengabeko jazarpen poliziala jasaten.
Errefuxiatu berriei tokia egitearen aitzakipean egingo ditu gobernuak kaleratzeak. "Duela 10 urtetik bizirauteko borrokan ari gara (...) Orain, gure egoera egonkortu denean, hutsetik hastea eskatzen digute berriro", azaldu dio Abdelkader Rahmounek AFP-ri. 44 urteko siriarrak, Ekialde Hurbiletik ihes egin duten beste hainbat familiren antzera, Atenasko Pireo portuan duen etxebizitza utzi beharko du. "Hileko 400 euroko diru-laguntza ere murriztuko digute. Kanporatzen bagaituzte, kalean gera gaitezke" azaldu du kezkatuta. Bere bizilagun irakiarrek gurpildun aulkian dagoen aita eta bere kabuz jateko gai ez den bost urteko aniztasun funtzionaldun alaba dute.