argia.eus
INPRIMATU
Greziako militarrek hitzeman dute ez dutela gobernuan esku hartuko, diplomatiko ohi baten arabera
  • Militarrek ez dute estatu kolperik joko Grezian istiluek eta ezinegonak gora egiten badute ere. Leonidas Chrysanthopoulos diplomatiko ohiak hori azaldu dio New Statesman aldizkari britaniarrari. Bere esanetan, politikariak eta armada elkartu dira aukerak eztabaidatzeko, eta militarrek zin egin omen dute interbentziorik ez dela egongo.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko otsailaren 27a
Zerga sistema berriak istilu gehiago proboka ditzake (Argazkia: rfi.fr)

Chrysanthopoulosek Greziako gobernuarentzat enbaxadore eta diplomatiko lanetan aritu da 70eko hamarkadaz geroztik. Lehengo urtean, dimisioa aurkeztu eta sektore pribatuan murgiltzean ausartu da bere herrialdeak bizi duen egoeraren inguruan iritzia ematen.

Enbaxadore ohiak esan du ezinegonak gizartean “leherketa” eragingo duela. Azken egunetako istiluak horren aurrekari izan litezke Chrysanthopoulosen ustez. Besteak beste, gobernuko alderdien eta haien aldeko kazetarien bulegoak eta herrialdeko bigarren pertsonarik aberatsenaren merkatal gune bat eraso dituzte. Ez da zauritu larririk egon, baina diplomatiko ohiaren “kezka” da gertakariak larriagotzea eta “manifestazio odoltsuak” egotea.

Hurrengo hilabetetan aplikatuko den zerga sistema berriak ezinegona areagotuko duela azpimarratu du. Izan ere, Chrysanthopoulosek dio jendeak ezin dituela ordaindu ere egin.

Belgikako lehen ministro Elio di Rupok dioenez, Europa hersturaren bidetik urrundu beharko da hurrengo hilabetetan suspertze zantzurik ez bada. Hala ere, Greziarentzat beranduegi izango dela azpimarratu du heleniar enbaxadore ohiak.

Chrysanthopoulosek dioenez, Greziak orain Academi izenez ezagutzen den Blackwater zerbitzu militar estatubatuarra kontratatu du. Bere esanetan gobernua ez da poliziaz fidatzen, azken batean, haien soldatak ere murriztu direlako. Dena den, Academik dena ukatu du.