argia.eus
INPRIMATU
Greziak eta Europar Batasunak adostasuna hitzartu dute
  • Astelehen goizaldean lortu dute ados jartzea Greziako gobernuak eta Europar Batasuneko agintari nagusiek: Europako Kontseiluko lehendakari Donald Tuskek eman du albistea goizeko 08:55ean.

ARGIA @argia 2015eko uztailaren 13a
Alexis Tsipras bilera aurretik The Guardian egunkariak publikatutako argazkian.

Bart Europako liderrek, Alemania buru zuen talde gogor baten bultzadaz, baldintza izugarri zorrotzak ezarri zizkioten Greziari hirugarren erreskatea hitzartu ahal izateko, tartean hiru eguneko epean Atenasko gobernuak onartu eta ezarri ditzala Troikak esijitutako murrizketa neurriak.

Gauean, Alexis Tsiprasek besterik ezinean baldintzok onarturik, negoziaketa maratoia baino luzeago eta akigarria erabili behar izan dute Europako liderrek goizean adostasuna sinatua zela iragarri ahal izateko.

Akordioaren gakoak

Syrizako agintariek onartu nahi ez zuten murrizketa eta pribatizazio multzoaz gain, epeen zurruntasuna da itun berriaren ezaugarri nagusia.

Asteazkena arteko epea dauka Atenasek itunak aurreikusitako neurri gehienak onartzeko. Hori kunplitu duela Eurotaldeak zertifikatuko du asteazkenean eta Europar Batasunako gobernuei jakinaraziko die, ondoren Europako parlamentuek –tartean Alemaniakoak– oniritzia eman diezaioten operazioari; hala jakinarazi du Eurotaldeko buru Jeroen Dijsselbloemek.

Alemaniako lehen ministro Angela Merkelek adierazi du Greziak eurogunea abandonatzeko aukera –Grexit delakoa– ez dagoena honez gero mahai gainean eta ukatu egin du Greziaren zorretan inolako zatirik barkatuko denik.

Merkelen iritzian, bere zor oso pagatzeko epeak luzatzea beste aukerarik ez zaio geratuko Greziari.