argia.eus
INPRIMATU
Greziak berriro zabaldu die Atenasko Akropolia bisitariei
  • Greziak konfinamenduaren arintzearen ikurra bailitzan ireki die Atenasko Akropolirako sarbidea bisitariei astelehen goizean, maiatzak 18. Itxialdia arintzen ari dira agintari greziarrak ere eta herrialde hartan joan den larunbatetik hondartzetara joateko aukera ere zabalik dago, asteburuan herritar askok eskertu dutena, Europako eskualde hartan nozitzen ari diren beroaldia dela eta.

2020ko maiatzaren 18a
Grezia Akropoliaren irekierarekin turismoa berriro erakartzeko ahaleginean ari da. (Argazkia: Radio France Internationale)

Katerina Sakellaropoulou lehendakariak bisitatu ditu munduko aurri mitikoenetakoak direnak, munduko turismoak gehien maite dituenetakoak. Irudietan ikusi ahal izan dira maskaraz babesteutako langileak bisitariei jakinarazten monumentu hartan ere indarrean dagoela elkarrengandik gutxienez metro eta erdira urruntzeko araual.

COVID-19 izurriaren hasieran Greziara iritsi izanak munduko hedabideetan zalaparta handia eragin zuen arren –bidenabar errefuxiatu kanpalekuei agintariek eman zien tratuagatik eta horietan gerta zitekeenaren kezkagatik– kopuru ofizialek erakusten dute orain arte 2.834 kasuetarain zabaldu dela kutsadura eta 163 heriotza eragin, oso urrun Europako beste herrialde eta eskualde askoz aberatsagoek nozitu dituzten zenbakietatik.

Maiatzaren 4tik hasi ziren Grezian konfinamendu eta itxialdiak arintzen eta gaur egun herritarrek libre dute batera edo bestera joatea penintsula osoan eta Kreta eta Evia uharteetara ere bai. Igandetik –maiatzak 17– komertzio guztia zabalik dago, baita zooa ere eta astelehenetik kirol instalazio guztiak ere bai, 13 urtez goitiko jende guztientzako. Urruntze sozial arauak indarrean daude eta maskara erabiltzea gomendatzen dute, derrigorrezkoa izan ez arren

Katerina Sakellaropoulou lehendakariak astelehenean bisitatu du Akropolia, herrialdea turistentzako segurua dela erakusteko. (Argazkia: Ekathimerini)