argia.eus
INPRIMATU
Greziak 40 kilometroko hesia eraiki du Turkiarekin duen mugan, afganiarrak Europara heltzea ekiditeko
  • Ostiralean iragarri dute neurria. 2015eko errefuxiatuen krisian izandako ataka berean ez egoteko, lehendik zuten 12,5 kilometroko hesia luzatu eta monitorizazio elektronikoko sistema ezarri dute.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko abuztuaren 25a
Idomeniko (Grezia) errefuxiatuen kanpamendua. Argazkia: @jdblack

Greziak 40 kilometroko hesia eraiki eta segurtasun neurriak areagotu ditu Turkiarekin duen mugan. Afganistandik Europara ihes egiten saiatzen ari diren migratzaileei sarrera debekatzeko hartutako neurria da ostiralean iragarritakoa. Herrialdera beren kabuz heltzen diren afganiarrak kanporatu egingo dituztela ere esan dute.  

Ostiralean egindako bilera telefonikoan bat etorri dira Greziako lehen ministro Kyriakos Mitsotakis eta Turkiako presidente Tayyip Erdogan. Afganistandik eta Iranetik Europarako migrazioa eteteko, herrialde hauek nazioarteko laguntza jaso behar dutela esan dute. Bestela, etorkinen fluxua “saihestezina” izango da, eta 2015eko krisia errepikatu daiteke.

Errefuxiatuen krisia

Reuters agentziaren arabera, urte horretan, Ekialde Hurbileko gerratik eta pobreziatik ihes egiten ari ziren milioi bat migratzaile baino gehiago heldu ziren Turkiatik Greziara. Batzuek, Europara gurutzatzea lortu zuten, baina 60.000 inguru Grezian gelditu ziren. Hori ekiditeko, 12,5 kilometroko hesia eraiki zuten Turkiarekin duten mugan; oraingoan, hesia luzatu egingo dute eta monitorizazio elektronikoko sistema automatizatua ezarriko dute.