argia.eus
INPRIMATU
Greta Thunberg atxilotu dute Statkraftek samien lurretan dituen eolikoen kontrako protestan
  • Samien herri indigenaren lurraldeetan novergiar multinazionalak eraiki dituen zentral eolikoen kontrako protesta batean atxilotu dute ekintzaile ekologista ezaguna, beste hainbat manifestarirekin batera.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko martxoaren 02a
Gretha Thumberg atxilotu duten uneko irudia. Sami herriak Statkraften eolikoak desegitea eskatzen du.

Norvegiako hiriburuan, Oslon, Greta Thunberg ekintzale ekologista atxilotu dute, Statkraft multinazionalak samien lurraldean eraiki dituen zentral eolikoak desegitea eskatzen zuen protesta batean parte hartzen ari zela.

Statkraftek Fosen Vind izeneko proiektu eoliko erraldoia darama eremu horietan, eta Norvegiako Auzitegi Gorenak legez kanpokotzat jo zuen 2021ean emandako epai baten bidez.

Denera 151 haize errota eraiki ditu multinazionalak samiek elur-oreinen artzaintzarako ezinbesteko duten lurraldean, Sápmin –Laponia izenez ere ezaguna–. Epaia kaleratu zenez geroztik, samiek behin eta berriz eskatu dute azpiegitura hori desegitea.

Verdens Gang egunkariak dioenez, badira egun batzuk ekintzaileak Osloko hainbat egoitza blokeatzen ari direla "modu baketsuan" protesta moduan, besteak beste Norvegiako Gobernuko Ogasun, Petrolio eta Energia ministeriokoak.

Asteazkenean Klima, Ingurumen eta Industria Sailaren egoitza okupatu dute, eta Finantza Ministerioaren egoitza blokatzen ari zirela atxilotu ditu Poliziak manifestariak. Eremutik egotzi ondoren aske geratu dira.

Ostegunean protestak areagotu egin dira eta hamar ministerio blokeatu dituzte manifestariek. Horrez gain, haietako batera igo eta pankarta handi bat zintzilikatu dute Greenpeaceko kideek, Itzuli lurra. Gelditu giza eskubideen urraketa Sápmin, leloarekin.

Statkraft konpainia publikoa Norvegiako Gobernuarena da eta munduko multinazional handienetakoa berriztagarrien sektorean. Iaz jakin zen Euskal Herrian Azpeitian, Zestoan eta Aramaion zentral eolikoak eraikitzeko bi proiektu aurkeztu dituela.

Mugimendu ekologistatik salatu dute, Statkraftek beste eredu bat aldarrikatzen duen arren, "gertakari hauek enpresa horren ustezko 'kode etiko sendoa' gezurtatzen" dutela.