PPko Donostiako zinegotzi eta Eusko Legebiltzarreko parlamentariaren aurka ETAk egindako atentatuaren urteurrenean, familiak eta alderdi popularrak desadostasun argazkia atera dute.
Bi ekitaldi izango dira gaur Gipuzkoako hiriburuan. Bata, ETAren biktimei eskainitakoa, Kursaal aretoan 18:00etan. Bestea, ordubete lehenago, Egiako Polloe hilerrian, hildako politikariaren izena daukan fundazioak antolatua eta haren arrebak gidatua –lore eskaintza egingo da Ordoñezen hobian–.
Urteurrena biktimaren eta PPko buruzagitzaren arteko tentsio une baten erdian etorri da. Ana Iribarrek, Ordoñezen alargunak, Mariano Rajoyren politika antiterrorista kritikatu du eta ez diola berriz botorik emango adierazi du, UPyD babesten duela gaineratuz. Gainera, familiak ez zuela Kursaaleko ekitaldiaren berri izan esan du.
Iñaki Oyarzabal EAEko PPko idazkari nagusiak gezurtatu egin du azkeneko hori eta gaineratu du alderdiak ez duela Kursaaleko ekitaldia Ordoñezen omenezko lore eskaintzaren "kontraprogramazio" gisa antolatu. Diario Vascok jaso dituen adierazpenetan, dena den, PPk “edozein data aukeratzeko zilegitasuna” daukala erantsi du.
“Galderatan murgilduta”
Ordoñezen kontrako atentatuak ETAren jardueraren ordura arteko eskemak hautsi zituen. “Lurrikara” eragin zuen, Pello Zubiriak ARGIAren 1.515. zenbakian idatzitako artikuluan irakurtzen denez.
ETA militarrak ordura arte ez zuen sekula parlamentari bat hil. 1995ean idatzitako artikuluak erakusten du hilketak eragindako ezinegona: "Gertatu denak latza izanik ere erremediorik ez duelakoan ondorioak kalkulatzen eta irtenbideak bilatzen ibili ohi gara kazetariok. Ordoñezen hilketak kalkulu guztiak suntsitu dizkigu, eta galderatan murgilduta utzi".