argia.eus
INPRIMATU
Gregorio Alboren gorpuzkiak jaso ditu familiak Paternainen
  • Iragan uztailean 36ko Gerran fusilatu eta desagerrarazitako hamar gorpuzki aurkitu zituzten Paternainen (Nafarroa). Horietakoa bat zen Gregorio Albo Urcelay eta atzo eman zizkieten gorpuzkiak senideei Paternainen bertan, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok gidatutako ekitaldian.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 21a
Ana Ollo kontseilaria gorpuzkiak ematen Gregorioren seme Manueli. (Argazkia: Nafarroako Gobernua)

Gregorio Albo Calzada de Bureban (Burgos) jaio zen 1905ean eta gerra garaian Iruñeko tren geltokian ari zen lanean. Espainiako Alderdi Komunistako kidea zen. 1936ko abuztuaren 26 eta 29 artean trenbidetako hainbat langile atxilotu zituzten frankistek Iruñean, fusilatu eta desagerrarazi. Garai hartako beste hainbatetan bezala, atxiloketak ez ziren ofizialki erregistratu. Ahozko zenbait testigantzaren arabera, Paternain inguruetan hil eta ehortzi zituzten. Manuel semeak eta Manu Ibero bilobak jaso zituzten gorpuzkiak ostegun goizean.

Ana Ollo kontseilariak azpimarratu zuen Nafarroako Gobernuak memoriari buruzko politika publikoekin duen konpromisoa, eta gogorarazi zuen bilatzen jarraitzen dutela: “Uste osoa baitugu soilik bidezko memoria batetik abiatuta, biktimek egia, justizia eta erreparazioa izateko duten eskubidetik abiatuta, lortuko dugula egunen batean oraindik irekita dauden zauri horiek ixtea”.

 

Manu bilobaren parte-hartzea, ondoan Manuel aita duela, Gregorioren semea. (Arg.: Nafarroako Gobernua)

 

 

Argazkia: Nafarroako Gobernua