Bilboko Udalak konpromisoa hartu du, Greenpeace elkarte ekologistarekin adostuta, garraioak eragindako berotegi efektuko gasen isurpenak gutxienez erdira jaisteko 2030. urterako, 2012ko kopuruekin alderatuta.
Mario Rodriguez Espainiako Greenpeaceko zuzendariak eta Alfonso Gil Bilboko Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen zinegotziak sinatutako dokumentuan zehazten denez, Udalak Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planean txertatuko du aipatutako helburua. Une honetan plana idazten ari dira, eta 2017an indarrean jartzeko asmoa dute.
Hain zuzen, Greenpeacek, maiatzean aurkeztutako El transporte en las ciudades (Garraioa hirietan) txostenean, Bilbok garraio eta mugikortasun planik ez edukitzea nabarmendu zuen. Txostenaren helburua motordun ibilgailuek klima aldaketan duten eragina azpimarratu –Espainiako Estatuko emisioen %10 hirietako mugikortasunaren ondoriozkoa da– eta horren aurka udal populatuenetako agintariek zer nolako neurriak hartzen dituzten erakustea zen.
Mugikortasun politiketan aldaketak eragin
Greenpeacek lortu du emisioak erdira gutxitzeko konpromisoa dozena bat hirik hartzea, Bilbo barne. Mariano Gonzalez talde ekologistako kidearen esanetan, “normalean hirietako mugikortasun plangintzetan ez da izaten klima aldaketarekin lotutako helbururik; guri gustatuko litzaiguke zentzu horretan hiri guztietako plangintzak bateratuta egotea”. Gonzalezen ustez, lortutako konpromisoak mugikortasun politiketan aldaketak egitera behartuko ditu udal agintariak.
Greenpeacek uste du 2030erako ezarritako helburua guztiz zentzuzkoa eta lorgarria dela, borondate politikoa egonez gero. “[Maiatzeko txostenean] Esan genuenez, horretarako hirigintza eta mugikortasun planak birbideratu beharko lirateke, auto bidezko lekualdatzeak gutxienez heren bat murrizteko, motordun ibilgailuen okupazioa %15 eta %30 artean handitzeko, eta garraiobideen efizientzia areagotzeko, besteak beste elektrifikazioaren bidez”.
Mugikortasunaren Europako Astea hastear dela eman du Greenpeacek akordioon berri. Irailaren 16tik 22ra iraungo du ekimenak. Azken eguna, 22a, autorik gabeko eguna izango da.